[Elkarrizketa] "Nahiago dut umeei zerbait literarioa eskaini"
Musika genero desberdinetan ibilbidea osatutakoa da Muguruza. Bere lehen eta azken obrek, baina, haurrentzako doinuak izan dituzte nagusi. ‘Dodoa’ da irundarraren azken lana.
Ja Ja lehen haurrentzako diskoa 1989an publikatu zenuen. Nolatan hasi zinen mundu horretan lanean?
Aspalditik izan dut interes bizia haurtzaroagatik orokorrean, eta ni neu izan nintzen umearekiko konkretuki. Beraz, ez da harritzekoa beraientzat, umeentzat eta neure barruko umearentzat ere bai, lanean hasi izana.
Ordurako hasia nintzen kolaborazioak egiten, bai rockean bai eta kantautoreekin: Imanol Larzabal, Xabier Lete… Eta rockean Kortatu, Zarama, Delirium Tremens eta bestelakoak. Pentsatu nuen garaia iritsi zela zerbait pertsonalagoa egiteko, eta hori izan zen. Pertsonalagoak zer esan nahi du? Bada pertsonalagoak esan nahi du nire konposizioak sortzea, eta ez beste batzuekin akordeoia jotzen aritzea.
2005ean Mara-Mara zigilua sortu zenuen. Zer da, eta bada asmorik horren atzean?
Nire lanak ateratzeko sortu nuen. Era berean, banekien nik jarraituko nuela kantautore moduan eta gainera hori izan da nire ildo nagusia, ezta? Beraz, esan nuen: umeentzako lanak publikatzeko zigilu txiki bat martxan jarriko dut, zigilu edo diskoetxe txiki bat. Eta horrela sortu zen Mara-Mara. Pentsatzen nuen lan gehiago aterako nituela, jarraitasun handiagoz, baina gero urte asko pasa ziren ezer publikatu gabe. Proiektua eta ilusioa hori zen, umeentzako lanak argitaratzeko nire disko etxe xumea izatea.
Mara-Mararekin ekoitzitako lau diskoetako letrak idazleen eskuetan utzi dituzu. Musikan buru-belarri jartzeko helburuarekin hartu duzu erabaki hori?
Lehenengo Ja Ja hartan nik idatzi nituen letrak, baina Bernardo Atxagak lagundu zidan pixka bat. Gero, Juan Kruz Igerabidek gorputz atalak jorratzeko zein helburu poetikoa eta dotorea daukan gustatu zitzaidan. Hirugarrenean, Iñaki Irazurekin aritu nintzen elkarlanean. Eta oraingo honetan, Iñigo Astiz izan da letren egile, behar nuelako idazle bat nire gustukoa baina politikoki zuzena ez zena. Izan ere, gaur egun honako ikuspegia nagusitzen ari da: ‘Dena da zoragarria, kontuz hori ez esan, tristatuko da, minduko da’. Ez nago ados horrekin. Horregatik, disko honetarako Astizekin kontatu nuen. Eta berak hartu du dodoa, eta dodoa da etengabe dudatan bizi den pertsonaia. Hartu du lehoia, dentistara joaten dena, eta azkenean erretxindu egiten da mina egiten diolako dentistak, eta jan egiten du dentista. Esan nahi dut, asko gustatzen zait puntu gaizto-bihurri hori.
Ez nator bat gaur egungo joera horrekin, letrak egokitzearekin ez direlako egokiak, eta bitartean, zer den mundua ikusten ari gara. Mundua da zerbait nahiko itsusia, zerbait suabea esateagatik. Orduan, nik ez nuke azentua hainbeste jarriko xehetasun horietan, nahiago dut lehoiak dentista jatea. Horregatik aukeratu nuen Astiz. Ongi joan da elkarlana eta gustura nago.
Asmo ludiko edo pedagogikoa dauka Dodoa lanak?
Ez. Eta gainera horrek zapuztuta nauka. Iaz izan nituen bilera batzuk hezkuntza munduko jendearekin eta nahi zuten zerbait pedagogikoa, didaktikoa, gauzak erakusteko. Nik nahiago dut umeei zerbait literarioa eskaini, didaktikoa baino. Noski, ni neu literatur zalea naizelako. Fikzioaren bitartez posible da gauzak transmititzea oso modu sotilean. ‘Zaharrekin oso txintxo portatu behar da, zaharrak oso onak direlako’ gisako letrak egitea uste dut ez duela funtzionatzen. Umeek badute radar berezi bat, ikusezina dena, baina funtzionatzen duena eta esaten diena: kito, hasi dira pitokeriak abesten. Nahiago dut testu on bat, zerbait kontatzen duena.
Haur kantek infantilak izan behar dute?
Batetik, haur kantak ez du bilatu behar asaldatzea. Bilatzen dut ez gehiago aztoratzea eta ahots distortsionatuekin hitz egiteari ez diot zentzurik ikusten. Kontrakoa nahi dut, hau da, lasaitzea, sosegatzea. Nahiz eta pop-rock estiloko abestiak izan, lasaiak dira. Nik badakit haur bat ez dela heldu bat, baina tratatzen dut nola esan… ez dadila tonto sentitu. Denarekin konturatzen dira, radar hori beti dago martxan.
Ahotsa beti izan da presente zure obran, baina instrumentuetan aldaketak egiten joan zara. Estiloarekin zerikusia du?
Nire teoria da, fitxatuta Mikel Azpiroz, Jean Marie Ekai eta Karlos Aranzegi, oso potentea izango dela emaitza musikala. Nik badakit hau entzunez gero umea sartu egiten dela. Inguruko haurrekin berretsi egin dut hori. Esan nahi dut: hor jada berme bat dago talde horrekin lan eginez gero, hor badago berme bat musikak funtzionatuko duela. Lan hau ez da 12 urtekoentzat, agian muga dago 7 urtekoetan, eta uste dut entzun dezakete.
Animaliak eta haien soinuak dira maiz protagonista zure lanetan. Zure bi diskoren izenburu ere badira. Horretan pentsatu zenuen, edo sortze prozesuaren ondorioa da?
Ba bai, bigarrena. Lehenengo agertu zen dodoa. Ideia hau azaltzeko oso modu polita erabili zuen Astizek Berria-n. Nik ez ditut ezagutzen, baina badaude baloi handi batzuk umeekin jolasteko edo, eta bera horietako baten gainean zegoen. Ume txiki bat izan du orain, eta ez zegoen hark lo hartzeko modurik. Beraz, goizeko 04:00etan edo, baloi horren gainean saltoka zegoen umearekin, eta halako batean sortu zitzaion ‘Dodoa dodoa, duda duda’. Berak ere ez zuen bilatu. Kasualitatez izan zen. Jon Martinezen azken kantua salbuespena da, nahiko letra bihurria da ere. Bera da pertsonaia bihurri eta energetikoa, eta egiten duena da lapurtu askaria beste ikaskideei. Azkenean otartekoan usteldutako gazta sartzen diote, eta ez du gehiago lapurtzen; letra atomikoa da. Ez dugu bilatu animaliena. Igual hurrengorako tematiko bat egitea ere izan daiteke… Beno, pentsatuko dut.
Bideoklip bat sortu duzu Dodoa-rekin, eta esan daiteke garrantzia eman diozula irudiari. Hala da?
Ari naiz konturatzen gauzak asko aldatzen ari direla, eta azkar batean gainera. Ez musika munduan bakarrik, orokorrean, gizartean. Besteak beste, ari naiz ikasten Oker diskoarekin batzuek esan zidatena: ‘Jabier, diskoan ez geratu gaur egun’. Tradizio bat daukat hor. Eta tradizio horretan obrak izugarrizko garrantzia zuen; gero formatua igual zait, kaseta, biniloa edo diskoa. Orain, ume bati ematen diozu irudirik gabe musika, eta ez da erraza iristea. Diskoaren entzuketak, guk egiten genuenarekin alderatuz, aldaketa izugarria izan du.
Konturatu naiz ez nagoela konforme bideotxo horrekin bakarrik. Zoragarria iruditzen zait Pedro Balmasedak eginiko lana, baina konbentzitu naiz diskoan ezin naizela gelditu. Ari naiz elkarrizketak edukitzen ikus-entzunezkoetan dabiltzanekin, beste bultzada bat emateko hemendik abiatuta, baina harago joateko.
Bestetik, eta agian kontraesankorra da, baina ezin gara irudian bakarrik geratu, hala esaten diet ilobei. Ezin dugu irudiaren bueltan ailegatu besteengana eta nik esaten diet, ‘kontuz, irudiak badu tranpa bat izugarria, ez geratu irudian bakarrik’. Hitza oso indartsua da, eta gizarte honetan gero eta ahulago ikusten dut. Beraz, uko egin gabe hitzei, eta niretzat hitz zoragarri hauei, bai, uste dut diskoa ez dela nahikoa. Nire asmoa da Dodoa-ri beste buelta bat ematea, ea zer egin daitekeen. Kontzeptualki beste bultzada bat emateko beharra ikusten dut. Zer aterako den? Kontatuko dizut datorren urtean, baina itxura ona du.