[Erreportajea] Proiektua onduta, kalera
Ziztakak hirugarren ikasturtea abiatu du. Lehendik zuten hipotesia garatuta eta erronkak finkatuta itzuli dira. Lankidetzarako bidea ireki, eta kaleak ez direla artisten leku bakarrak oihukatzeari ekin diote.
Hirugarren ikasturtea hasi du Ziztakak, aurreko urtea hainbatek buruan zuten ideiari hitzak jartzeko eta jendaurrean aurkezteko baliatu ondoren. Atzera begirada labur bat eginez, kultur eta arte eragileei dei egin zieten bi forotan parte hartzera, hasierako kafe antzokiaren ideia zirriborroa esplikatzeko eta eztabaidatzeko. Ondorio nagusia izan zen Irunek espazio baten beharra zuela, euskara eta kultura ardatz izango zituenak.
Oinarriarekin jarraituz, euskara ildo nagusi gisa ezarri zuten, baina euskara- tik harago, kulturaz hornitu behar zuten proiektua zela ohartu ziren. Euskarak ezin duela helburu izan, baizik eta sor- kuntza, ekintzaile, eta oro har, kulturari eman behar ziotela espazioa konturatu ziren. Euskara zeharka landuko dutela, baina euskara ez dela inoiz helburu izango garbi adierazi zuten, bada, otsailean. Irundarrekin indartu eta berretsi zen deia hori, taldeko ordezkariek zehaztu dutenez.
Lanketa horren ondoren, Ziztaka taldeko Beñat Alzaga eta Maddi Sanzek, erronken berri emateko agerraldia egin zuten joan den astean. Hasierako ideia hura berretsita datoz, eta ekainean, «irrika, gogoa, ilusioa» jaso zutela sentitu zuen Alzagak, baina, baita eskaera zehatz bat ere: «Honen [kafe antzokia] beharra dugu eta honen bila jo behar dugu». Behar horri heldu egin diotela baieztatu dute bultzatzaileek, eta lankidetzarako proposamen txosten bat idatzi eta Kulturakada! sortu dute.
Idatzian, proiektua ezaugarritu dutela jakinarazi du Alzagak: «Bizkarrezur hori genuen, euskara eta kultura ardatz zi- tuena, eta hori ornoz bete dugu». Zentzu horretan, parekidea izango dela diote, bai barrura eta bai kanpora begira. Era berean, ahalik eta demokratikoena izatea nahi dute, eta horretarako, autogestio bidez kooperatibaren figura juridikoa aurreikusi dute, irabazi asmorik gabekoa. Espazioak bideragarria izan behar duela argi dute, eta gune horrek etekin ekonomikoak balitu, bueltan emateko asmoa dute, akaso, kultur beken bidez. «Baina beti ere, diru hori inbertitu egingo da. Iruneri itzuliko zaio», adierazi dute.
Harreman bira
Txostena ez dute tiraderan gordeta egoteko ondu, harreman birarekin hastea da taldearen intentzioa, lankidetza sustatzeko helburuz. Lau lan lerro sortu dituzte horretarako. Horietatik lehentasuna dutenak udala, auzo elkarteak eta eragileak dira, eta «indarren araberakoa», Alzagaren hitzetan, hezkuntza izango litzateke. Azken horri dagokionez, haiengana iristeko bideak arakatzen ari direlako jarri dute atzeko lerroen artean.
Hastapenetik sinetsi izan dute Irungo Udalarekin elkarlanean aritzea dela egokiena, eta haiekin zuzenean harremanetan jartzea lortu ez dutenez, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin hitz egiteari ekin diote. Ez bakarrik proposamen txostenean landutakoa azaltzeko, baizik eta mahai baten sorrera eskatzeko ere. Alegia, erabakitzeko ahalmena duen mahaia. Hori lortzeko alderdi guztien baiezkoa dute helburu, ondoren, haien ideia instituzioarekin jorratzeko. Izan ere, alderdiren batek ezezkoa emango balu, mahaiaren sorrera zailagoa izango litzateke. Gainera, Alzagak azaldu du ez dela berdina udal gobernua osatzen duten alderdikideen ezetza jasotzea, edo oposizioa osatzen dutenena. Lehenengo kasuan mahaiak ez lukeela etorkizunik izango uste baitu.
Dena den, udal gobernuarekin batzartzea lortu ez duten arren, Kultura arloarekin bai bildu zirela iaz, eta «sentsazio ona» izan zutela dio Sanzek. Orduan, gainera, proiektuaren hipotesia bakarrik aurkeztu zuten, «eta hala ere laguntzeko prest agertu ziren». Ez dute erantzun horrekin baikorregi izan nahi, Sanzek baitio garai horretan beste bide bat zutela, eta beste prozesuaren momentu batean zeudela.
Alderdiekin elkartzearen bideari erre- paratuz, aste honetan Elkarrekin Podemos alderdiko kideekin bildu dira, eta «euskara ardatz izango duen espazio baten beharrarekin bat» egin dutela jakinarazi dute. Hurrengo pausuak zehazteko prestutasun osoa adierazi dutela esan dute ere haien sare sozialetan.
Bestalde, auzo elkarteengana jotzea erabaki dute aldi berean. Batetik, Irungo hamaika auzoek elkarte bana dutelako, eta entitate horiek lotura zuzena dutelako udalarekin. Aldi berean auzotarren ordezkariak dira, eta auzoaren ikuspegia eta errealitatea ongi ezagutzen dute. Aukera ona iruditzen zaie irundar ahalik eta gehienen iritzia entzuteko. «Proiektu hau irundar guzientzako da, ez da euskaldunentzat, irundar guztioi egingo digu mesede, eta horretarako ere, irundar guziek izan behar dute honen berri», nabarmendu du Alzagak. Irisgarritasunaren aldetik salto kualitatibo handia emango dutelakoan dago, eta urrats hori ezinbestekoa izango dela uste du, «muturreraino eraman nahi badugu eta herriaren babesarekin eraman nahi baldin badugu aurrera», argudiatu du.
Jada Santiago eta San Migel auzoetako elkarteetara gerturatu dira, eta jaso duten sostengua baikor baloratu du Alzagak. Aitortu du ez zutela proiektuan edota idatzian asko sakontzeko astirik izan, baina sentsazioa du kontent daudela auzotarrak dinamika garatu izanagatik. Eskertu egin du auzo elkarteen harrera beroa.
Espazioari dagokionez, leku fisiko jakin bat baino, hainbat ideia nagusi planteatzen dituzte, udalarekin landu nahi dituztelako egitura eta forma. Eredu bat jartzekotan, erdigunean behar luke kokapenak, eta bideragarritasuna bermatzeko ostatua aurreikusi dute, «bazkariak emateko modukoa, dela terraza txikiarekin, dela barruan jantoki batekin». Halaber, oholtza bat eta «lau pareta» nahi dituzte, erakusketak egiteko, esate baterako. Baldintzak eta hornidurak beharrezkotzat dituzte, eta gutxieneko dimentsio batzuk behar dituela guneak ziur dute, «ez gara gauza txiki batez hitz egiten ari». Leku hori bi hankaren bidez mugituko dela garbi ikusten dute, «udal hanka eta herri ekimena, herri bultza- da».
Zikloa
Ikasturteko bigarren bidea, Kulturaka- da! zikloa izatea proposatu dute. «Kulturak, arteak, edota edozein arte diziplinak, kalean tokia badauka. Kalean egin daitezke mila gauza, baina kaleak ez luke toki bakarra izan behar», azaldu du Sanzek. Ildoetako bat da kultura, eta artistentzako leku bat sortu nahi bada, hori kulturarekin lotzea beharrezkoa dela adierazi du Sanzek. Foroetan sortzaileek ez dutela non egon adierazi zuten, kalea ez dela haien tokia: «Irunek oso toki mugatuak ditu artisten lana eskaintzeko. Horrelako tokirik ez duela esan dezakegu». Tristetzat jo du Sanzek Gipuzkoako bigarren hiri populatuenean horrelako espaziorik ez egotea.
Orain, oihu horri jaramon egiteko, arte diziplina desberdinetako artistak egoera salatzera kalera irtengo dira hilabetero. 2022ko urtarrilaren 22an abia- tuko dute iniziatiba, eta xehetasun guztiak haien sare sozialetan zabaltzen joango diren arren, antzerkia izango dela lehen protagonista aurreratu dute. Otsailetik aurrera, hurrenez hurren, honako diziplina hauek hartuko ditu zehaztu gabeko erdiguneko plazak: arte plastikoak, literatura eta bertsolaritzak, eta musikak. Informazio guztia @ziztaka_irun eta Ziztaka Irun profiletan zabalduko dute.
Finantzazioaz ere aritu dira, eta diote, herri dinamikek bultzada ekonomikoa behar dutela. Hori dela eta, datozen jardueretan herritarrek ekarpenak egin ahalko dituzte, elastikoak erosiz. Bertaratu ezin duenak Laboren lor dezake berea, edo sare sozialen bidez eskatu.
Gaur egun arteko bide honetan bereganatutako irakaspen nagusietako bat, taldearen egitasmoa asmo handikoa dela, eta ez nolanahikoa konturatzea izan dela uste du Alzagak. Proiektu hori aurrera aterako bada, ziur dago jende askoren babesa duelako izango dela.
Lortuko dena alde batera utzita, prozesua «oso aberasgarri» gisa definitu dute, pertsona asko elkar ezagutu direlako eta orain arte ez zegoen ekosistema bat ugaltzen ari delako, «euskara eta kulturgintzaren arteko ekosistema bat». Irunen ekosistema hori bazegoela uste dute, baina isolatutako adierazle bakanekin, «orain hori ehuntzen ari gara». Komunitate handi bat sortzen ari direla azaldu du Alzagak: «Askok ez zuten elkarren berri eta horrek etorkizunera begira eman dezakeena zer den ez dakit, baina emango du, eta ikusiko da»