Altzateko sermoia
Iritsi dira Eguberriak, eta kontu pandemikoak tarteko aurtengoan ere etxetik aparte eman beharko ditut egun seinalatu hauek. San Tomaseko txistorra Moskun, Urantzu frontoiko futboltxo txapelketa, hemengo iji eta hango aja … datorren urtean beharko dute, ondobidean. Itxaron egin beharko du pixka batean familiaren epelak, eta baita urteroko erritualek ere.
Erritualak diot, mezetara urtean behin joateko ohitura baitugu etxean, abenduaren 24ko ilunabarrean, aitatxi zenaren urteurrenez. Eta han entzuten dugu, Altzateko apez Patxiren ahotik, urteroko sermoia Eguberriaren benetako esanahiaren inguruan. Zer den inportantea eta zer ez, zeri heldu eta zerekin ez despistatu. Baina aurtengoan ere zitara kale egingo dudanez, neronek ekarri dizuet Eguberriko sermoitxoa, Betleemeko estalpetik.
Nioen ez despistatzeko esaten digula Patxi apezak. Inporta duenari egiteko so. Eta asmatzen dugu batzuetan, laprast bestetan. Kale-balearen hari fin horren gainean dantza gehienean. Baina nola ez arrastotik irten etengabeko distrakzioaren gure mundu honetan?
Inork leporatuko dit norbere burua justifikatu beharrak irudimena ederki fintzen duela. Baina onartuko didazue, gutxienez, asmatzea ez dela erraza izaten maiz. Errege-opilak nola, intentzio onen pastelak askotan amarrua gordetzen duela barruan.
Iris daiteke abenduaren 3a, eta Euskararen Nazioarteko Eguna aitzakia, haurrak eskolara baserritarrez jantzita bidaltzeko mezua jaso dezakete gurasoek. Bertako kulturari keinu egin, arbasoekin eta sustraiekin lotu, identitate kolektiboa sendotu … ideia aski xaloa, zergatik ez? Eta halaxe bidaltzen ditugu haurrak eskolara, egunerokoaren ardatz behar zukeen hizkuntza urtean behineko kontsumogai folkloriko bihurtuta, akaso.
Edota denona behar zukeen irrati-telebistak alzheimerraren ikerketarako diru-bilketa antola dezake. Eta jende andanak dirua eman, bihotz onez eman ere. Egunaren amaieran pilatutako diru poltsa mardula litzateke edonorentzat. Baina ez hainbestekoa erakunde publikoek bermatu beharko lituzketen ikerketarako aurrekontuen eskalan. Are gutxiago megaproiektuenean, AHTaren 30 metro eraikitzeko adina besterik ez baitzen bildu. Baina bai, adibidez, Osakidetzako 450 aztarnariri hilabeteko soldata ordaintzeko bezainbeste. Halakoetan ere pastelaren zelofan koloretsuak ez ote digun zerbait ezkutatzen…
Ez dela aisa asmatzen, eta Lur Sainduan ere ez gara halako bekatuetatik libero. Eguberri azoken garaia da Betleemen eta Jerusalemgo Hiri Zaharreko auzo kristauan. Hala, Gabon giroarekiko atxikimendu handiegirik ez duenari ere ongi irudi dakioke sinpatia erakustea palestinar izateaz gain kristau, zapalduen artean gutxiengo diren horiekiko, eta azokak bisitatzea. Eta hantxe aurkituko ditu gorriz jantzitako Aita Noelak, elur artifizialez estalitako pinuak, eta Gabonetako kanten ingelesezko bertsioak. Zerikusi gutxi dutenak duela 2022 urte jaiotako judu harekin, edota bertako sinbologiarekin, florarekin, eta hizkuntz ohiturekin. Eta zalantza sortuko zaio orduan ea ustezko elkartasun ariketa hori ez ote den, finean, mendebaldarron kolonialismo kulturalaren enegarren adibidea. Oraingoan ere pastelak barruan tranpa zekarrela.
Ala lantokitik mezua iris dakioke bati, Ekialdeko Jerusalemgo polizia komisaldegi batera joateko gonbita luzatuaz, Hanukkah kandelak piztera. Eta… tira, azken honek ez du bigarren bueltarik.
Eguberriak aurten ere makur xamar joango denaren itxura dakar, baina Patxi apezaren predikua ekarriz, asmatuko al dugu inporta duena lehenesten eta gainontzekoari neurria hartzen. Bitartean, urte berri ona eta osasun hobea guztioi, eta kasu urtarrilak 6ko Errege-opilak barruan dakarrenarekin.