[Elkarrizketa] "Sukaldea gogorra da; hori da eskoletan lehenik irakatsi behar dutena"
Gipuzkoako Pintxo Txapelketa irabazi du Naiara Abandorekin batera ‘Antxue’ pintxoarengatik. Txapelketaz, pintxoez eta Danakoz gain, pandemia ostalaritzan uzten ari den ondorioak ere izan ditu hizpide sukaldariak.
Txapelez beteta daukazu tabernako horma, eta beste sari bat ere batu berri duzu. Nola baloratzen duzu?
Sariak irabaztea erraza izango balitz bezala [barrez]. Oso pozik. Guretzat energia txute bat da. Azkenean, orain dela hiru urte eta erdi iritsi ginen auzo honetara, eta apustu oso serioa egin genuen pintxoen inguruan. Beraz, sari hori etxera ekartzeak esan nahi du gauzak ondo egiten ari garela eta gogoa ematen dizu ildo horretan jarraitzeko.
‘Antxue’ pintxoarekin irabazi duzue txapelketa, nola sortu duzue?
Barran beti eduki izan dugun pintxo bat da. Duela bi urte Euskal Herriko Pintxo Txapelketako Tradizional atalean parte hartu genuen, eta bigarren geratu ginen. Barran pintxoak jartzen ditugunean gehien saltzen dena da. Bezeroa ere bidea markatzen joaten da: pixkanaka ukituak ematen joan gara. Niri antxoak asko gustatzen zaizkit, eta prestatzeko puntua hartua diogu. Beraz, bezeroekin eta Danakoko taldeko jendearekin joaten gara osatzen; denek probatzen ditugu pintxoak.
Zer eduki behar du pintxo on batek?
Lagun bat badut, Iruñean, eta berak beti esan du pintxo batek crunch eta punch eduki behar dituela. Nik beti esaten dut pintxo bat garaile izateko behin jaten bukatzean, beste bat jateko gogoarekin geratu behar zarela. Hori lortzea oso zaila da. Niretzat zaporea da garrantzitsuena, pintxoa apain dezakezu nahi duzun modura, baina ahoan sartzen baduzu eta ez bazaizu gustatzen, edo ez badizu ezer transmititzen… Gero egia da testurekin jokatzea ahoan ondo dagoela; begiekin ere jaten da, baina niretzat funtsezkoena zaporea da.
Zergatik egin zenuten pintxoen aldeko apustu hori Danako bezala?
Pintxoekin hasi ginenean albo batera utzi genuen jatetxea, eta hona iristean, apustua garbia izan zen: ez genuen menurik jarri, pintxoak bakarrik. Agian jendeak ez zuen horren aldaketa handia ulertu, eta birplanteatu ondoren, mantendu egin ditugu eguneko nahiz astebukaerako menua. Ez daukagu kartarik, baina bai pintxo degustazio menu bat. Oso zaila da bakarrik pintxoekin bizitzea, eta gehiago Irunen. Asko kostatzen ari da, eta borrokan ari gara pintxoak sustatzeko. Asmoa dugu urtarrila edo otsaila inguruan pintxo txapelketa bat antolatzeko Irunen.
Irundarrak pintxoen mundura sartu nahi dituzue, beraz.
Beti egon dira pintxoak Irunen, baina gehiago murgiltzea gustatuko litzaiguke. Azkenean, geldialdi moduko bat egon da ostalaritzan, frankizia asko sartu dira, eta Irun ere dagoen moduan dago. Duela zortzi edo bederatzi urte, pintxo txapelketetara joaten ginenean, Irungo taberna asko aurkezten ziren, eta orain, Manolo tabernakoak eta ni baino ez. Horretara bueltatzea polita litzateke. Azkenean, lagunak egin eta asko ikasteko balia daitezke lehiaketa hauek.
Zergatik ez da jendea animatzen?
Ez dakit… pandemia, erosotasuna… Gero ere egia da langileak aurkitzea ere oso zaila egiten ari zaigula: jende askok ikasten du sukaldaritza, baina, gero, ez du lan egin nahi. Sukalde batean egotea gogorra da, eta hori da eskoletan irakatsi behar duten lehen gauza: zuk lan egiten duzu besteak jai dutenean. Pandemiarekin jende askok ostalaritza utzi du, lanik gabe geratu zirelako edo aldi baterako lan erregulazioan. Orain, lana sortzen ari denean, jendea falta da; beste lan batzuetan hasi dira, ez dute bueltatu nahi.
Pandemia aipatu duzu gainetik, nolakoak izaten ari dira bi urte hauek?
Oso nekatuta gaude. Fase guztiak pasatzen joan gara: utzi digutenean, kafeak leihoan saltzen; take away; baita etxeetara banaketa ere Irungo taxiekin… Ostalaritzarekin tematuta dabiltza eta niri amorrua ematen didana da agintariak, batetik, esaten ibiltzea zaindu behar dugula gastronomia gure balio handiena delako, baina gero, bestetik, ez digute lan egiten uzten. Ez dute lotsarik. Ia bi urte eta gero 3.000 euro baino ez dizkigute eman. Hala ere, hau guztia pasatu badugu, ondo irtengo gara; normaltasuna itzultzean lan gehiago egingo dugu.
Azken asteetan enpresa bazkariak eta afariak izan dituzue. Nabaritu duzue jaitsieraren bat erreserbatan?
Sumatu dugu mahai batzuetan azken momentuan baten batek huts egin duela, bi-hiru gutxiago etorri dira azkenean. Baina, oro har, ez. Jendeak ateratzeko gogoa dauka. Ez bagara ateratzen zer daukagu: lanetik etxera eta etxetik lanera? Jendeak sozializatu eta bizitza egiteko beharra dauka. Hemen Euskal Herrian beti ospatu izan dugu dena mahai baten inguruan, orduan hori kentzen badigute, zer?