Sakelakoak eman dizkiote Irungo Harrera Sareari Azkoitiko Izarraitz zentroko ikasleek
Ikasgelan egindako lanketa baten ondoren, "etorkinak kontaktuan jarri ahal izateko haien familiarekin, eta beraien artean saretzeko" mugikorrak garrantzitsuak zirela ohartu ziren, eta bilketa kanpainari ekin zioten, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Eibarren.
Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketako Gizarteratze zikloko ikasleek sakelako telefonoak jasotzeko kanpaina bat abiatu zuten orain bi aste. Horretarako, hainbat kutxa jarri zituzten Azkoitia, Azpeitia, Eibar eta Zestoko ikastetxe eta beste hainbat guneetan. Gaur, San Juan plazara ekarri dute jasotakoa, Irungo Harrera Sareari eman dizkiote gailuak.
Ikastetxeko Maitane Franco Tolosa irakasleak azaldu duenez, bilketa kasu praktiko baten ondorio izan da. Lehenik, aplikazio bat proposatu behar izan zuten ikasleek, baliagarri izango zena edozein migratzailek izan ditzakeen beharrak asetzeko. Ondoren, lanketa praktikoarekin hasi ziren, eta Irungo Harrera Sareko (IHS) kideak bertaratu ziren, “Irungo herriak bizi duen egoera” aztertzeko.
Elkarrizketa horretan IHSren jardunaz mintzatu ziren, hala nola, harrera eta arropa biltokia. Bereziki sakelakoak lortzea zaila zela adierazi zietela eta, “ikasleak gogotsu” bilketa kanpainari ekin zioten, “etorkinak kontaktuan jarri ahal izateko haien familiarekin, eta beraien artean saretzeko ere”, esan du Franco Tolosak.
Alex Margüello ikaslearen arabera, hedabideekin harremanetan jarri ziren kanpainaren berri emateko, eta lortutakoari buruz azaldu du espero zutena baino gailu gehiago bildu dituztela. Batez ere, eibartarren erantzuna nabarmendu du. Hasieran astebete iraun behar zuen iniziatibak bi astetara luzatu dute, “arrakasta” zuela ikusi baitzuten, Sara Alcedo ikaslearen esanetan.
Guztira, 30 eskuko telefono eta beste hainbat kargadore eman dizkiote IHSri. Orain, lan ildo honekin jarraituko dutela adierazi du irakasleak, eta eskualdeko beste eragile eta arduradun batzuen ikuspuntuak entzuten saiatuko direla azaldu du, adibidez, instituzioena, Gurutze Gorriarena eta etorkinena: “Baina oraingoan honaino iritsi gara, uste baino urrunago”.
Harrera Sareko Ion Arangurenek eskerrak eman dizkie Izarraitzeko kideei, horrelako egitasmo bat martxan jartzeagatik batez ere. Sakelakoak lortzea zaila dela zailena zehaztu du: “Haientzat inportantea da mugikorra, komunikatzeko bide bakarrenetakoa delako askorentzat. Baina, “garrantzitsuena horrelako ekintzen bidez ikusarazten jarraitzea prozesu migratzaile bat dagoela”, da bere hitzetan.
Izan ere, migrazioa ez dela lotsatuta egoteko egoera bat dio IHSko kideak, “gizakia betidanik ibili da alde batetik bestera, eta horregatik gaude gu hemen, beste batzuk gu baino lehenago mugitu zirelako”, zehaztu du. Bide seguruak aldarrikatu ditu, eta bien bitartean, kale erdian jarraituko dutela ohartarazi du.