Europako inbertsio funts batek Uvesco erosi du
Irungo enpresa BM eta Super Amara superkerkatuen kudeatzailea da. Euskal Herrian ez ezik, Espainiako Estatuan hedatzea dute helburu.
Europako PAI Partners inbertsio funtsak Uvescoren akzio gehienak erosi ditu. Beraz, enpresaren kapitalaren kontrola eskuratu du. BM eta Super Amara supermerkatuak kudeatzen ditu Uvesco enpresa irundarrak. Funts horrek Angulas Aguinaga enpresa erosi zuen iaz.
Berria egunkariak publikatu duenez, oraingoz ez dute esan zenbat ordaindu dien inbertsio funtsak Gipuzkoako banaketa enpresaren jabeei. Adierazi dute, ordea, egungo akziodunek enpresaren partaidetzari eutsiko diotela, gutxiengoan bada ere. Gainera, oraingo zuzendaritza taldeari eusteko nahia ere agertu dute, eta nabarmendu dute enpresaren egoitza eta bulegoek Irunen jarraituko dutela.
Uvescok adierazi du, PAIrekin azken urteetan martxan jarritako hedapen plana indartuko duela, denda eta frankizia berriak zabalduz, Euskal Herrian eta Espainian. Hala berretsi du Jose Ramon Fernandez de Barrena Uvescoko zuzendari nagusiak: «Espainiako merkatuak hazteko potentzial handia du, eta PAIrekin lan egitea espero dugu, aurrean ditugun proiektu ugariak martxan jartzeko». Pozik azaldu da Fernandez de Barrena, eta eskerrak eman dizkie enpresa taldeko langileei, bezeroei eta hornitzaileei, «proiektuarekiko erakutsi duten babesagatik eta konpromisoagatik».
1993an sortu zen Uvesco, Irungo Unialco eta Kantabriako Ves batu zirenean. Azken urteetan gehien hedatu den katea da, Mercadonarekin batera. Uvescok ia laurden bat handitu zituen salmentak iaz: 954 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, 2019an baino %23 handiagoa. Gainera, nabarmen hazi da azken hamarkadan, ia bikoiztu egin baitu merkatu kuota.
Berria-k jasota du Uvescok ehun denda dituela Bizkaian, 56 Gipuzkoan, 24 Nafarroan, eta zazpi Araban: 187 saltoki denera. Eroskiren atzetik, hark du bezero gehien —%20ko merkatu kuota du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta zertxobait txikiagoa Nafarroan—. Espainian ditu gainerako dendak: 25 ditu Kantabrian, bost Errioxan, 22 Madrilen, eta bi Avilan. Guztira, 5.600 langile inguru ditu enpresak.