Jaizkibelgo militarren tiro eremua kentzeko mozioa aurkeztuko du bihar EH Bilduk
Kontserbazio bereziko Eremua, itsas bazterrera hedatzea nahi dute, ingurua babesteko. Gainera, herritarren ondarea izendatzea nahi dute mendia, eta hori horrela, ez dute bateragarria ikusten militarrek haien jarduna bertan egiten jarraitzearekin.
Biharko udalbatzan, mozioa aurkeztuko du EH Bilduk, militarrek Jaizkibel menditik eta Euskal Herritik alde egin dezatela, eta jada ezarrita dagoen Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) itsas eremura zabaltzea eskatzeko, besteak beste.
1985. urtetik Herri Onurarako Mendia da Jaizkibel, eta 2004az geroztik, Natura 2000 Sarearen barruan dago ere. Hala ere, Espainiako militarrek 371 hektareako tiro eta maniobra eremua bertan dutela salatu du koalizioak: “Tiroak, detonazioak eta bestelako gerra ariketak egiten dira bertan”.
Bertatik alde egin dezaten nahi du udal taldeak, eta horretarako, Espainiako Gobernuari plan eta kronograma bat garatu dezan Gipuzkoatik joan daitezen proposatuko dute. Tiro eremuari dagokionez, “berehala desegitea” beharrezkotzat jo dute.
Militarrek erabiltzen dituzten inguru horietan, hamarkadak eta 35 urte dituzten arrantzaleen txabolak eta borda txikiak daude, eta erabilera librea dutela azaldu dute. Horietako batzuk, militarrek dagoeneko eraitsi edo eraitsi nahi dituztela jakinarazi du udal taldeak. KBEren txostenik eta baimenik gabe bota dituztela etxola hauek diote.
Oro har, udalen araudiei eta bestelako araudi eta legeei muzin eginez egoten direla azaldu dute, “gure ingurumenak eta herritarrak errespetatu gabe”, zehaztu dute. Honen harira, Jaizkibel herritarren ondare natural gisa aldarrikatuko dute udalbatzan, “bateraezina dena maniobra militarrak eta antzekoekin”, iritzi dute.
Eusko Jaurlaritzak Ulia Jaizkibel mendietako Kontserbazio Bereziko Eremua itsas eremura zabaltzea nahi dute ere, itsas babesgune izendatzeko egin behar diren izapideak eginez. Eskaera hau Euskadiko Biologoen Elkargo ofizialak egindakoari batzen zaio.