Eskua
Lo aurkitu dut. Pasillo luzearen erdi-erdian dagoen egongelan. Besaulki gris baxuan, zangoak tolesturik, esku bana belaun bakoitzean. Begiak itxita eta burua behe aldera. Erortzeko zorian bezala. Arima, garuna edo pertsona izateko gaitasuna ez bezala ordea (jada ez dakit nola eta zer izendatu), burua ongi lotua du aitak gorputzera. «Ez da eroriko ez», pentsatu nire baitan.
Erietxeko hormek Gabon giroa islatzen dute. Oraindik ere, esku lanetarako gaitasuna duten eriek sorturiko apaingarriekin.
Emakume bat du alboan. «Hau edatea derrigorrezkoa al da?», galdetu dit irribarrez. «Ez dakit, ez naiz erizaina», erantzun diot. Ni ere irribarrez. Eta berari begira da jarri hura ere. Hatsa sakon hartu eta azkenean ausartu naiz hurbiltzen eta bere ondoan jartzen. «Kaixo aita!» esan, eta musu bat eman diot masailean. Ttiki sentitu naiz bere alboan. Ez deus. Zer egin jakin gabe. Baina azkenean betikoa egin dut. Berokia kendu, motxila lurrean utzi eta eskua eman diot aitari. Sarri pentsatzen dut, «heldu eginen dut baliteke azkena izatea eta». Buruko gaitz hauek zenbat iraunen duten inork ez baitu esaten… Hori ere bada gogoeta, idazketa, kritikarako… beste gai bat.
Eskua heldu orduko sumatu dut goxatu egin dela. Ez daki nor naizen, arratsaldeko erizaina, garbitzailea, bere alaba edota alboko gelako eria. Baina iruditzen zait sentitu egin nauela eta musuarekin usaindu egin nauela. Nire desioa hutsa izan daiteke; profesionalek baina, sentimenduena galtzen duten azken zentzua dela esan digute.
Aurten Gabonak bereziak izanen dira gurean. Aulki bat hutsik egonen baita garai batean bezala. Haurrak ginela arrazoia politikoa zen. Egun, aldiz, osasuna. Osasunaren galera. Amak, ordea, egoera zaila izanik ere, beti aurrera egiten erakutsi izan digu. Eta oraingoan ere hala eginen dugu. Ama diot, zaintzaren motxila bizkarrean zintzilikatua duen emakumea baita. Eta berea ez da kasu isolatu bat. Zaintzaren gaiarekin ere, pertsonala politikoa dela esan genezake.
Zaintza maitasunez eginez eta eriari ahalik eta duintasun handiena aitortuz egiten bada ere, lepoa burutik zintzilik dela, hobe da bidea etetea. «Ez da eroriko, ez» gogoetaren baitan horren desioa dago. Heriotza duinak eskubide izan beharko bailuke. Eskua tinko heldu eta «nik asko maite zaitut aita», esan diot. Magia izan daiteke, baina burua okertu du une horretan. Eskua estutu dit eta irriño bat luzatu.