Oiassoko termak berreskuratzeko, Europako funtsak jasoko ditu udalak
2 milioi emango dizkiote udalari turismo jasangarritasunerako estrategiaren ildoan. Oiassoko terma erromatarrak birgaitzeko erabiliko dituzte laguntzak, eta hiru urte dituzte lanak amaitzeko.
Turismo jasangarritasunerako estrategiaren ildoan banatuko diren Europako finantzaketa funtsen berri eman dio gaur Miguel Angel Paez alkateordeari, Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak. Guztira, 2 milioi euro emango dizkiote udalari, Oiassoko terma erromatarrak estaliko dituen eraikina birgaitzeko, nagusiki.
Proiektu horrekin, termak berreskuratu eta museoan integratu nahi dituzte, baita bisitatzeko egokitu ere. Horretarako, hondakin arkeologikoak eta ondarea mantenduko dira, eta udalaren arabera, balio historiko eta turistiko handiko puntu enblematiko bat osatuko dute.
Lanei dagokienez, termak estaliko dituen eraikina birgaituko dute, eta arreta berezia emango diote energia eraginkortasunari, zarata eta argi bidezko kutsadura murrizteari, “baliabidea eta esperientzia turistikoa hobetzeko”, diote.
Bultzada ekonomiko handia dela esan du “pozik” Jose Antonio Santano alkateak. Irun hiri erromatarraren profila indartzeko beste pauso bat dela dio, eta bisitariak erakartzen eta ekonomia dinamizatzen jarraituko dutela ziur adierazi du.
Europako funtsen bidez irekitako finantzaketa lerroetara, beste proiektu batzuk aurkeztu dituztela jakinarazi du udalak. Esate baterako, digitalizazio komertziala, garraio publikoaren elektrifikazioa edo emisio gutxiko eremuaren zabalpena.
Bestalde, eraikin publikoen eta etxebizitzen eta auzoen birgaitzea sustatzeko programan lanean ari direla diote. Hori horrela, Irungo Udalak interesa adierazi du laguntzak jasotzeko, eta horrela, hainbat proiekturen onuradunak izateko eta honako espazio hauetan proiektu horiek gauzatzeko: Aduana zaharraren eraikina berreskuratzea, Emigrazioaren eraikinaren barnealdea birgaitzea eta Iñigo Loiola kalearen hiri eremua.