Elkarretaratzeak deitu dituzte, gaur, anbulatorioen atarietan
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT elkarretaratzera deitu dute lehen arretaren "egoena sostengaezina" salatzeko. 13:00etan elkartuko dira osasun etxeen atarian.
Pandemiak agerian utzi ditu lehen arretaren gabeziak SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen arabera, eta, hori dela eta, gaurko elkarretaratzeak deitu dituzte osasun etxeen atarietan, 13:00etan. Sindikatuen arabera, egoera “sostengaezina” bihurtu da.
HITZAri berretsi diotenez, Dunboa eta erdiguneko anbulatorioetan egingo dituzte elkarretaratzeak, baina deialdia denetara zabalduta dago, baita Hondarribian ere.
Edozein modutan, egoera ez dela berria argi utzi dute, baina izurritearen ondorioz, nabarmen larriagotu egin da: “Sektoreko langileen baldintzak askoz prekarioagoak dira orain, baita herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea ere”. Are gehiago, sindikatuen iritziz, agintariek aitzakia moduan erabiltzen dute pandemia “Osakidetzan murrizketak egiteko eta pazienteek lehen arretarako duten irisgarritasuna zailtzeko”.
Lehen arretari bultzada emateko, aurrekontua handitzea lehentasunezko pausotzat jo dute, “behintzat, Europako Batasunean batez bestekoa den BPGaren %7ra iritsi arte”. Horrez gain, ezinbestekoa da, sindikatuen ustez, behin-behinekotasuna murriztea, langile bakoitzaren lan zama apaltzea eta ordezkapenak lehenbiziko egunetik bertatik segurtatuak izatea. Horretarako, 1.000 lanpostu gehiago behar direla iritzi diote.