Ordenantza berria, desgaitasunen bat dutenen aparkatzeko tokien erabileran
Urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean araudia, eta txartel izendun zein generikoei eragingo die. Lehenengoen kasuan, gainera, eskakizuna berriz egin beharko dute erreserba mantentzeko.
Desgaitasunen bat duten pertsonek aparkatzeko txartel eta erreserbak arautzen dituen ordenantza berria, indarrean sartuko da datorren urtarrilaren 1ean. Elkartu Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailearekin kontrastatu da proposamena eta xehetasunen berri eman du udalak.
Monica Martinez, Bide Publikoko ordezkariak dio aldaketaren helburua, “hobeto kontrolatzea behar bezala ematen eta erabiltzen direla desgaitasunen bat duten pertsonek aparkatzeko tokiak, bai generikoak, bai izendunak”, dela azaldu du. Izan ere, kasu batzuetan, aparkalekuen erabilera ez dela behar bezala egiten argudiatu du.
Baimenak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren desgaitasunaren balorazioa aintzat hartuta, bi motatakoak izan daitezke: generikoak edo izendunak. Izendunen kasuan, eskaera berriak egiteko epea ireki eta tasa berria ordaindu beharko dute interesdunek, eta A mailako mugikortasuna dutenek ez ezik, 12 edo 13 puntuko mugikortasun maila (B mailako mugikortasuna) dutenek ere eskakizuna egin ahalko dute.
Toki generikoak txandaka erabiltzea sustatu nahi dutenez, hainbat muga ezarri dituzte. Hori horrela, TAO sistema dagoen aparkalekuetan, gehienez 24 orduz ahalko da ibilgailua bertan eduki. Gainerakoetan, gehienez 72 orduz ahalko da lekua erabili. Behin epea amaituta, hamabi ordu itxaron beharko dute berriz leku berean aparkatzeko.
Kasu guztietan, txartelak agerian egon beharko du, eta berariaz egokitutako lekuetan bakarrik aparkatzeko balioko du. Gainera, oinezkoei edo zirkulazioari traba egiten ez den bitartean, eta gehienez 60 minutuz, zamalanetarako erreserbatutako guneetan gelditu edo aparkatzeko erabilgarria izango da. Baita TAO sistemak kudeatzen duen lekuetan ere.