Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, segurtasun neurriekin
Ostegun arratsaldean etorriko dira Irunera Olentzero eta Mari Domingi, baina haurrek ezingo dute euren gainean eseri eta ezingo diete besarkadarik eman ere.
Ostegun arratsaldean ikusi ahal izango dituzte berriro Olentzero eta Mari Domingi Irungo haurrek, eta berriz ere eskutitza emateko aukera izango dute. Aurten, ordea, neurri zorrotzak ezarri dituzte pandemia dela eta, une horretan, ezingo dituzte zenbait gauza egin; esaterako, ez besarkatu ezta euren gainean eseri ere.
Olentzero eta Mari Domingiren desfilea 17:00etan aterako da Alberto Anguera plazatik. Hondarribia, Zubiaurre eta Geltoki kalea igaro ondoren, Colon hiribidea, Foruen karrika eta Karrika Nagusian barrena, San Juan plazaraino iritsiko da, eta 18:30etik aurrera jasoko dituzte umeen eskutitzak.
Desfilearen unean ez dute geldialdirik egingo kantatzeko, eta jendea pilatzen duten animazio ekitaldirik ere ez da izango.
Eskularruak eta maskara jantzita joango dira Olentzero eta Mari Domingiren laguntzaileak, eta beraiek jakinaraziko diete haurrei noiz joan ahal izango duten eskutitza entregatu eta haiekin hitz egitera. haiengana hurbiltzen diren guztiek eskuak garbitu beharko dituzte gel hidroalkoholikoarekin eta maskara eraman beharko dute.
Edozein modutan, udalak desfilera hurbiltzen diren guztiei maskara eramateko deia zabaldu die.
Desfilearen antolaketan Kultura Arloarekin batera, Betti Gotti Euskara Elkartea, Bidasoko EKT,
Txorimaloak Soinu Taldea, Auntxa Trikitixa Eskola eta Bidasoko Joaldunak aritu dira.