Artiako Lagunaren iniziatibaz eta beste hainbat elkarteren babesaz, trafiko araudia betetzea eta trafiko abiadura 30 km orduko abidurara murriztea eskatuko dute.
Datorren ostegunean mozio bat aurkeztuko dute udalean Artiako Lagunek, udal gobernuak Gipuzkoako Foru Aldundiari eska diezaion Juan Thalamas Labandibar kaleko errepideko abiadura muga 30 km ordura aldatzea. Hainbat erakunderen babesa dute, hala nola, Balazta elkartea, Eguzki, Ekologistak Martxan Gipuzkoa, Gure Esku Dago Irun, Kalapie elkartea, Bidasoaldeko lagunak, Sevillako Herritarren Sarea eta Stop Istripuak.
Artia eta Behobia batzen dituen ibilbidea da Juan Thalamas Labandibar, eta “hiri ingurua” da teknikoki. Noranzko bakoitzean errei bana dago, bidegorri bat eta oinezkoentzako bide bat. Bertan, abiadura muga 70 km ordukoa da gaur gaurkoz, “ez dago bazterrik, ez arekarik, ezta babes sokarik ere”, ohartarazi dute.
1428/2003 Errege Dekretuak onartutako Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 50. artikuluaren 5. atala ekarri dute gogora, esanez, zeharbideen abiadura muga 50 km ordukoa dela, mota guztietako ibilgailuentzat. Artikulu honek 7. atalean, halaber, udal agintariek arau hori aldatu dezaketela dio, elkartearen esanetan.
Taldeak baieztatu du, zati honetan, jada, “era guztietako istripuak” egon direla, eta gauetan, semaforoa berdea egonda, zenbait ibilgailu 70 km orduko baino abiadura biziagoan pasatzen direla. Aldaketarik ezean, ondorio larriak aurreikusten dituzte: “Argi dago ibilgailuren batek balazta-arazoak, akats mekanikoa, edo gidaria lo geratuko balitz, edo osasun arazoren bat izango balu, eta bidegorrira eta oinezkoen pasealekura joango balitz, benetako arriskua izango litzatekeela oinezkoentzat, eta tragedian amaituko litzatekeela”.
Sevillako Herritarren Sareak aldundiari afera honen berri eman zion eta joan den azaroaren 4an erantzuna jaso zutela azaldu dute. Artiako Lagunen esanetan, erantzun honetan ez da jasotzen 50km/h-ko abiadura muga aldatzeko prest daudenik, baina bai prest daudela 30 km orduko abiadurara mugatzeko.
Beraz, bi eskaera egingo dituzte, bata, Irungo Udalak Juan Thalamas Labandibar kalean abiadura 30 km/h-ra murrizteko eskatzea Gipuzkoako Foru Aldundiari eta bere Bide Azpiegituren Arloari, eta bi, urgentziaz, trafikoa baretu eta baketzea eta tarte horretako abiadura murriztea, hiru helbururekin: mugikortasun segurua eta iraunkorra, airearen kutsadura eta kutsadura akustikoa murriztea.