[Elkarrizketa] "Laguntza honek sortzeko behar nuen bultzada eskainiko dit"
Durangoko Azokaren Sormen Beka irabazi du Aizpuruak ‘Barraka’ lanarekin. Urtebete izango du, bideojokoen sorkuntzan orain arte eduki duen erronkarik handiena gauzatzeko, baina badu konfidantza bere buruarengan
Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi duzu Barraka lanarekin. Zein aukera emango dizkizu beka horrek?
Eguneroko bizitza aldatuko didan aukera bat da. Azkeneko urteetan bideojoko prototipo txikiak sortzen aritu naiz bai nire kabuz edo Zomorro Studioko lagunekin. Hiru lagun gara, irundarrak: ni, Iñaki Vazquez eta Gonzalo Sardon. Azken aldian, bakarrik egin ditut prototipo ezberdinak. Betidanik nahi izan dut bideojokoetara dedikatzea, baina eguneroko lanarekin zaila da denera iristea, eta laguntza honek eskaintzen dit behar nuen bultzada: eguneroko lana albo batera utzi denboraldi baterako, eta %100ean honi eskaini ahal izatea.
Tabakalerako Medialaben lan egiten duzu, bideojokoen aditu bezala. Bideojokoen sorkuntza, ordea, aisialdian egiten duzu, Zomorro Studion, ezta?
Bai hori da. Hala ere, aurten, hainbat proiektu bakarka sortu ditut. Ohitura daukat game jametan parte hartzeko. Game jamak bideojoko sorkuntza maratoiak dira, fisikoki edo sarean. Gai bat ematen da eta une horretatik partaideek denbora bat daukate (48 ordu, 72 ordu edo astebete) bideojoko bat garatzeko. Nire kasuan, nik sortutako jokoak horrelako game jametan hasten dira, eta, gero, batzuetan saiatzen naiz gehiago garatzen.
Non egiten dira Game Jamak?
Euskal Herri mailan jarraitzen dira egiten, baina pandemiarekin, game jam asko Internetez izaten dira. Aurten nire kabuz parte hartu dut inoiz egin den game jamik handienean: GMTK Game Maker’s Toolkit Game Jam. Bertan milaka pertsonek parte hartu zuten, eta horietatik 6.000 joko onartu zituzten. Ni, Arroxa lanarekin, lehen ehunen artean geratu nintzen: kategoria orokorrean 60. tokian geratu nintzen, baina artistikoki 16.en. Ilusio handia egin zidan. Guk sortu ditugun joko asko gure webgunean zomorrostudio.itch.io aurki daitezke, eta gure joko guztiak daude jokatzeko moduan.
Nolakoa izaten da sormen prozesua? Nola egiten da bideojoko bat?
Forma ezberdinak daude. Game jam batean, gaia ematen dizute, eta hortik abiatzen da. Barraka-ren kasuan, proiektu berri bat aurkeztu genuen hasieratik. Normalean, saiatzen naiz gehiegi ikusten edo lantzen ez diren gauzak erabiltzen, destakatzea edo bereiztea zaila baita. Adibidez, azken game jamean, Spain Game Developer Jam, gaia batasuna zen. Hasieran bururatu zitzaidan bideojoko bat lantzea gorputz atalak elkartuz, Frankenstein edo zombie moduko zerbait. Baina horrelako asko daude. Gero, beste gai kurioso bat bururatu zitzaidan, eta, azkenean, horri buruz egin nuen: Castellersak. Grafikoki ere zerbait ezohikoa egitea gustatzen zait. Baditut proiektuak pixel artekin egindakoak, baina bideojokoen indie komunitatean, oso ohikoa da ere. Kontrara, ez dira asko lantzen stop motion edo eskuzko materialekin landuko bideojokoak. Urteak daramatzat stop motion irakasten eta hori bideojokotara pasatzea xelebrea da, eta gustagarri geratzen da. Elementu ezberdinak nahasten saiatzen naiz.
Barraka-ren kasuan zertan inspiratu zara?
Gogoa neukan esplorazioko joko bat lantzeko. Bestetik, parke tematikoak betidanik gustatu izan zaizkit, eta aurten, inguruan izan ditut. Hainbat urtez mespretxatu ditut oso faltsuak iruditzen zitzaizkidalako, baina beste begi batzuekin ikusten hasi naiz, eta obsesionatua egon naiz. Hala ere, parke tematikoen gaia bideojokoetan ere nahikoa erabilia dagoenez, gurera ekarri nahi izan dut, eta barrakak aukeratu ditut. Nahiz eta kutsu kutre hori daukaten, bere xarma ere badute. Bidean bi ideia horiek nahastu ditut, eta horrez gain, stop motiona erabiliko dut.
Orain arte egindako proiektuen artean eta honen artean zein esango zenuke izango dela desberdintasun nagusia?
Iraupena. Nik orain arte egindako jokoak hogei minutu irauten dute. Hau luzeagoa izango da, eta emaitza txukunagoa. Beste proiektu horiek askotan akats txikiak izaten dituzte edo soinuak falta zaizkie… ez daude guztiz borobildua. Hau izango da joko bat amaitua eta borobildua. Bideojoko bat egitea konplexua da, eta urtebete izango dut proiektua benetan hasi eta amaitzeko, ez delako existitzen ezta prototipo mailan ere. Bideojoko polita izango da, baina laburra. Ordu askotako edukia sortzea lan erraldoia da. Normalean, jende gehienak jolasten dituen bideojokoak taldeek sortuak izaten dira; bideojoko komertzial handien kasuan, ehunka pertsonekin. Badaude kasu bakanak pertsona bakarrak egindakoak, baina urteetako proiektuak izaten dira.
Nondik datorkizu zaletasuna?
Denei bezala. Zerbait gogoko duzunean, gero, hori sortu nahi duzu. Oso txikitatik etxean bideokontsola edo ordenagailuren bat izan dugu. Hasi ginen jolasten 90eko hamarkadan Atari 2600ekin eta, gero, Master System IIarekin, gero ordenagailuan… Anaia heldua daukat, eta beregandik asko ikasi izan dut beti. Duela zazpi bat urte nire lehenengo Game Jamean parte hartu nuen Iñakirekin (nire anaia ere hortik zebilen), eta gaur arte.
Urteetan demonizatu egin izan dira bideojokoak. Bada arrazoirik?
Gauza horiek iruditzen zaizkit iraganeko gauzak direla. 90eko hamarkadan bideojokoak boom bat ematen hasi zenean, gainontzeko industriak bideojokoen kontra joan ziren, rol jokoekin gertatu den bezala. Iruditzen zait berriarekiko beldurra dagoela. Gaur egun, pertsona guztiek kontsumitzen dugu zinema, baina bere garaian demonizatu egiten zuten: antzerkiari tokia kentzen zaiola, zinemako aktoreak ez zirela benetako aktoreak… Bideojoko zalea zen haur horrek, gaur egun, 36 urte ditu [bere buruaz ari da], eta, ni bezala, jende heldu askok kontsumitzen bideojokoak beste kultura edo arte plataforma bezala.
Zomorro Studio bezalako proiektu batentzat zein toki dago mundu erraldoi horretan?
Konplikatua dago. Zomorro Studiok estudio independente bezala bere merkatua topa dezake. Barraka-ri esker, euskal merkatuan ezagunago bihurtu daiteke, baina beti bilatzen dugu edozein pertsonara iristea. Ez dugu Euskal Herrira mugatu nahi, konplikatua izango litzatekeelako hortik bizitzea. Merkatu independentean ikusten dut: bideojoko batzuk lortzen dute bidea eraikitzea, eta guri hortik joatea gustatuko litzaiguke.