EAJ-k lau ardatz proposatu ditu aurrekontuez tratu egiteko
Lau ildoak "hiri proiektuaren parte" direla, eta "hiritarren hainbat beharrei" erantzuten dietela uste du EAJ-k.

Hurrengo urteko aurrekontuak negoziatzeko izango dituzten lau ardatzak eman ditu jakitera EAJk. Lau proposamenak “hiri proiektuaren parte” dira, eta uste dute “hiritarren hainbat beharrei” erantzuten dietela. Era berean, “anbizio handiko Irunen alde” apustua egiten dutela adierazi dute.
Lehenik, 2015ean HAPOan proposatu zen geltokiaren proiektua berreskuratzea “beharrezkoa” dela iritzi dute. Trenbide zabaltzaren estaltzea bermatuta egotea, eta modu honetan, Irun bitan zatitzen duen arrakala ezabatzea izango zen planarekin jarraitzearen asmoa. Horretarako, ADIFekin negoziatzea da haien ustez egokiena: “Estatuko Aurrekontu Orokorrean jasotako milioi bat eurorekin, exekuzio-proiektua aurrera eraman dezaten”.
Bidegorrien defizita dagoela oinarri hartuta, egun lantzen ari den HMJP planak arazo horri irtenbidea emango liokeela uste dute. Halaber, bidegorriak seguruak izan behar dira jeltzaleen arabera, “bizikletaz edo mugikortasun pertsonaleko beste ibilgailuekin mugitu ahal izateko”. Udala urratsak ematen hasi behar duela diote: “Beharrezkoa da hiriak mugikortasun jasangarrirantz eraldatzen hastea eta ildo horretan udaletxetik erantzunak emate hasi behar dugu”
Txingudiren Plan Gidaria bultzatzeko eta 1993ko Hitzarmena eguneratzeko konpromisoa eskatu dute ere, Plaiaundiko kirol instalazioen Txenpereneara egingo den lekualdatzea finantzatzeko. “Ezinbestekoa eta premia handia duen proiektua da”, azaldu dute.
Amaitzeko, Pasquier-Recondo eremuan aukera posible berriak arakatzea nahi dute. 200 etxebizitza eraiki beharrean, inguruarekiko atseginagoak diren alternatibak berdeak garatzeko proposamena egin dute.