I. Zas topaketa, Irun eta Hendaia arteko migrazio egoeraren gainean
Jardunaldia Donostian den arren, eskualdeko migrazio egoera izango dute hizpide, eta bertan izango dira Irungo Harrera Sareko Oihana Galardi eta Amets Arzallus.
I. Zas topaketa egingo dute Donostiako San Telmo museoan, ostiral honetan, 18:00etatik aurrera. Izan ere, larunbata Pertsona Migratzaileen Nazioarteko eguna da, eta jorratuko duten gaia “Irun-Hendaia mugako egoera”, izango dela adierazi dute.
Hizlari gisa joango dira Cristina Blanco eta Iker Barbero, EHUko irakasle eta Transiteus Proiektuko arduradunak, baita Oihana Galardi, Irungo Harrera Sareko ordezkaria eta Amets Arzallus, IHSko kidea, Miñan liburuaren idazleetako bat eta bertsolaria ere.
Antolatzaileen esanetan, asmoa, “gizarteak problematika honetan eragina duten aldaerei buruz hausnarketa bat egitea” da. Ildo honetan, herritarrei dei egin diete entzutera joateko, “gaiaren inguruan sor daitezkeen zurrumurru eta diskurtso diskriminatzaileak iritzi egiaztatu eta fidagarriez geldiarazteko gai izan daitezen”, azaldu dute.
ZAS!-ek Gipuzkoako SOS Arrazakeriarekin lankidetzan eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta kultura demokratikoaren Zuzendaritzaren laguntzarekin antolatutako jardunaldia da hau. Sarrera librea izango da, erreserbarik gabe.