Zerbitzu publikoak indartu nahi dituen 2022ko aurrekontua aurkeztu dute
82.081.176,45 eurokoa da Miguel Angel Paez alkateordeak aurkeztutako 2022ko aurrekontua. Kreditu eskaera bat aurreikusten dute "finantzaketa iturri bezala", eta gizarte zerbitzuak orain arte bezala mantentzea eta aurreko agintaldietako konpromisoak betetzeari eman diote garrantzia.
Ogasuneko Batzordean, 2022ko aurrekontu orokorren proiektua aurkeztu du Miguel Angel Paez alkateordeak. Orain, udal taldeek haien zuzenketak aurkeztu ditzakete, eta ondoren, osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte.
Aurrekontuaren zenbatekoa 82.081.176,45 eurokoa da, iazkoa baino %5,8 gehiago. Halaber, Europako funtsetara aurkeztutako proiektuak “indarrez” sartu direla azaldu dute, eta 2022ko aurrekontuetan txertatzeko “lanean arituko” direla jakinarazi dute. Zirriborro honetan, gainera, kredituak eskatzea jaso dute, “finantzaketa iturri bezala”.
Idatzitako proposamen horretatik nabarmendu egin nahi izan dute zerbitzu publikoak indartzea, langile gehiago kontratatzea, gastu soziala areagotzea, inbertsioen bloke zabal bat sartzea eta gobernu programan lehendik jasotako hainbat konpromiso gauzatzea. Horretarako, funtsezko ildo batzuetan “urratsak” eman behar dituztela azaldu du alkateordeak, hala nola, gizarte arretan, mugikortasun jasangarrian eta inbertsioetan, orain arte martxan dauden udal ekipamenduak mantentzeko.
Proposamenean indarra dutela diote “zenbait urtetako inbertsioak berresteko eta gobernu programa ixteko inbertsioak”, eta horretara, 8,7 euro bideratuko dituzte. Jada martxan dauden eta diru honekin babesten jarraituko duten proiektuen artean honako hauek hartu dituzte kontuan: CBAren bigarren fasea (2,7 milioi euro, guztira 3,9 milioi euro), San Juaneko udal eraikin berriaren sotoa gaitzeko lanak (1,4 milioi euro, guztira 3,9 milioi euro), Anakako txaleten inguruko lehenengo fasearen berrurbanizazioa (1,1 milioi, guztira 3,8 milioi euro), Emakumeen Etxea (330.000 euro, guztira 500.000 euro), Emigrazioaren eraikina (100.000 euro, 1,4 milioi euro guztira), Gazteluzaharren eta inguruan egin beharreko jarduketa (490.000 euro, guztira 700.000 euro) eta Housing First proiektua (100.000 euro, 350.000 euro guztira). 2022ko partaidetzazko aurrekonturako ere aurreikusi dute dirua.
Etxebizitza publikoak ere izan dituzte aintzat, izan ere, 1.150.000 euroko transferentzia egingo dute Alarde eta Lastaola Postetxea eremuak garatzeko. Bloke horri, iaz San Migel eta Anakarako bideratu ziren 2,6 milioi euro gehitu behar zaizkiela zehaztu dute.
Funtsezkotzat jo du Paezek familiei eta sektore ekonomiko guztiei babesa ematea “aurrera egiteko, inor atzean utzi gabe”. Pandemia bizkarrean uzten hasteko unea dela uste du, eta “hiria suspertu eta bultzatzeko garaia” dela oraingoa sinesten du. Herritarren rola beharrezkoa izan zela eta izango dela adierazi du, “unerik latzenetan” Irun Aurrera plana, herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko asmoz garatu zutena horren eredu gisa jarri du.
Udal gobernua osatzen duen Elkarrekin-Podemos Ezker Anitza-IU taldeko bigarren alkateordea, David Nuñorentzat, garrantzitsua izan da aurrekontuetan memoria historikoaren edo berdintasunaren alorretan beharrezkoak diren inbertsioa islatuta egotea.
Nuñok hobekuntzak aurreikusten ditu Gizarte Ongizate arloan, eta “eragin positiboa” izango duelakoan dago: “Programak inplementatzerakoan, langile gehiago hartzerakoan eta inbertsioak egiterakoan”. Gazteria eta Hezkuntzako inbertsioak ere inportantetzat jo ditu.
Europako funtsak
Aipatu bezala, Europako funtsetatik etorriko den dirua, zirriborroan eransten saiatuko dira. Ildo honetan, gizarte zerbitzuen prestazioa hobetzeko erabiliko dituzte funtsak “gizarte politikak gora” egin dutela argudiatuz.
Langileriari buruz esan dute, %4 igo dela pertsonala, Udaltzaingoan, Gizarte Ongizatean edo Hezkuntzan: “Giza baliabideak indartzearen erakusgarri”.