Osasun Bidasoa plataformak eskerrak eman die manifestatzera gerturatu ziren herritarrei
Jada Irungo Udalarekin bildu dira, eta laster Hondarribi eta Bortzirietakoekin. Laster, hurrengo urratsen berri emango dute.
Larunbateko manifestazioan parte hartu zuten Bidasoko herritar guztiei eskerrak adierazi dizkie Osasun Bidasoa plataformak. Aldarrikapena eta eskaera berriz oroitu dute: “Proiektu horrek ez ditu jasotzen ospitaleak datozen hamarkadetarako behar dituen baliabide tekniko eta sanitarioak, eta ez du bermatzen arreta mediko eta kirurgiko eraginkorrik obrek irauten duten bitartean”.
Gaitzespen-adierazpen horrek eta oraindik aktibo dirauen sinadura-bilketak balio izatea espero dute “gure buruzagiek norabidea zuzendu eta erreakzionatu dezaten”.
Aurreratu zuten gisan, jada elkartu dira Irungo Udalarekin eta aste honetan Hondarribikoarekin elkartuko dira. Gero, Bortzirietakoekin biltzea espero dute. Halaber, ostiralero, 12:00etan, Eskualdeko Ospitaleko profesionalek antolatzen dituzten protestak babesten jarraituko dutela ziurtatu dute, eta herritarrei deialdi hauetara batzera dei egin diete.
Laster egiten ari diren aldarrikapenak lortzeko emango dituzten hurrengo pausuen berri emango dutela adierazi dute.