[Erreportajea] San Tomas futbito txapelketa, herrigintzaren urteroko alea
Berriro berreskuratu dute San Tomas futbito txapelketa klasikoa. Pandemia aitzaki hiru egun iraungo du lehiak, eta asmoa, euskal preso politikoen eskubideen alde egitea da, giro herrikoian.
1994. urtean hasi zen San Tomas futbito txapelketa, euskal presoen sakabanaketarekin lotutako gastuei aurre egiteko. Berriz berreskuratu zuten txapelketa 2019an. Gaur egungoak beste izaera bat hartu duela iritzi du Elixabet Aragon Ibarra antolatzaileak: «Presoen eta haien senideen eskubideen alde egiten da. Jada ez da dirua lortzeko egiten, baizik eta azaleratzeko zein egoera bizi duten presoek».
Sare Herritarrak deitu ditu futbol zaleak, eta ez direnak, herri giroa duen baloiaren festa horretan parte hartzera. Abenduaren 18 eta 19an sailkapen faseak jokatuko dituzte Uranzu pilotalekuan, goizeko 09:00etatik aurrera. Finala, aldiz, San Tomas Egunean (hilaren 21ean), arratsaldez izango da. Lekuaren alokairua eta jokalarien seguruaren kostua ordaindu ahal izateko 10 euro balioko du jokalari bakoitzaren izen emateak. Hori egiteko inprimakia bidasoa.hitza.eus orrialdean topa daiteke.
Guztira hamasei talde lehian aritzea espero dute, eta giroa berriro bueltan izatea. Izan ere, orain kosta egiten dela giro hori piztea aitortu du Aragonek, ez bakarrik egungo pandemia egoerak ezarritako mugengatik, baizik eta, oro har, formalagoa delako: «Lehen bazuen kutsu ‘ganberroa’».
Herritik herriarentzat egiten diren «edozein ekintzatan» parte hartu behar dutela herritarrek uste du antolatzaileak, eta borondatea nahikoa ez dela, lanerako gogoa behar dela ere adierazi du: «Irun herri gisa eraikitzeko horrelako ekintzak behar dira, jendeak ilusioz hartuko dituenak. Beti pentsatu dut txapelketa honek baduela tiradizoa». Parte hartzera animatzen denak ez duela zertan futbola maite behar azaldu du, gustatu ezean momentu on bat pasatzeko aukera bezala ikusi behar dela.
Aragonek mahai gainean jarri du, aldi berean, emakumeen presentzia handitzearen nahia eta beharra: «Oso gutxik hartzen dute parte, bai antolaketan eta bai jokatzen. Emakumearen presentzia falta da, baina ez da toki bakarra».
Bestalde, San Tomas Saria ere banatuko dute finalean. Txingudiko Pentsiodunen Mugimendua izango da saritua: «Elkartasuna adierazten dutelako edozein gairekin, eta beti prest daudelako laguntzeko».