[Elkarrizketa] "Amak bazuen nahikoa lan gu eta amona zaintzearekin"
Urtebete baino ez zuen 1936ko gerra lehertu zenean. Hendaiatik Bartzelonara joan zen familia ihesi. Hiru urteren buruan, Irunera bueltatzean, etxea kendu zieten. Gerran ere anaia zaharrena galdu zuen; ez dakite oraindik non dauden bere gorpuzkiak.
Zu jaio eta urtebetera, gerra lehertu zen. Zein erabaki hartu zuen, orduan, zure familiak?
Bederatzi anai-arreba ginen. Ni txikiena nintzen; urtebete baino ez nuen gerra lehertzean, eta gure amak kontatzen zizkigun gertatutakoak. Elitxuk su hartu zuenean, Hendaiara joan behar ginela esan zigun, Elitxu alderik alde erretzen ari baitzen. Gure amona ere gurekin zen. Bartzelonatik bueltan ere bizirik zen, eta gurekin bizitu zen, etxe berean. Gerra lehertu zenean, San Migel auzoan bizi ginen, Zubiaurre kalean. Aita trenbideetako langilea zen, eta etxera bueltatu zenean, Plaiaundin lantxa bat hartu, eta Hendaiara joan ginen. Hainbat behiekin Nazioarteko zubitik pasatu ziren, beste batzuk, berriz, Behobiatik…
Gero, zer egin zenuten?
Hendaiatik Bartzelonara eraman ziguten jarraian. Kataluniako Gobernuak eta Euskadikoak harreman ona zuten, eta Bartzelonara joatean, aberatsen etxean sartu gintuzten, aberatsek Frantziara ihes egin zutelako. Aberatsen etxean denetik zegoen: bilarrak, baxerak… Gu lau geletan sartu gintuzten. Handik hiru urtera Irunera bueltatu ginen.
Bederatzi anai-arreba zineten. Zenbat urteko aldea zenuen anaia handienarekin?
Berak, orduan, 19 urte zituen. Gerran hil zen. Amak dei bat jaso zuen, hil egin zela, Mataron [Katalunia]. Hara joan zen bera ikusteko asmoz. ‘Nire semea ikusi nahi dut’ esan zien nire amak, ‘bada ezingo duzu ikusi’ erantzun zioten. Paper batzuekin bueltatu zen. Ez dakit areka batean egongo den, hobi komun batean…
Ez duzue ezer jakiterik izan…
Ezer ez. Amak nahikoa lan izan zuen Bartzelonatik bueltatzen, seme-alabekin eta nire amonarekin. Oso gaizki geunden. Bueltatu ginenean Zubiaurre kaleko etxea kendu ziguten, okupatuta zegoen.
Hasteko, beraz, etxerik gabe zineten…
Hori da. Zubiaurre kaleko etxeak ez ziren erre. Amak esaten zuen ‘geratu izan bagina, gure etxea ez zen erreko’. Ama udaletxera joan zen, eta han esan zioten ‘Larreako bihurgunera [egun, tanatorioa dagoen ondoan] joan nahi baduzu, han baxu bat dago, mandoekin eta soldaduekin. Han sartu nahi baduzu…’. Eta hara joan ginen. Ez zegoen kristal bat bera ere. Amonarekin eta ume guztiekin, han sartu zen. Dena tapatu genuen paperekin, eta mando eta soldaduak zeuden. Etxe horretan 40 urte inguru egin genituen. Ezkondu ere egin nintzen etxe horretan amarekin nintzela. Handik etxe honetara [San Migel auzoan dago] etorri ginen. Aita, berriz, zortzi urtez zigortu zuten Madrilera joatera, trenbideko langilea zelako. Orduan Kataluniatik hona bidaltzen zituzten, eta hemendik beste herri batera. Amak esan zion: ‘ni ez naiz, bada, Irundik mugituko’. Aita hiruzpalau hilabetean behin etortzen zen gu bisitatzera. Horrela egin genuen. Anaiak hazten joan ziren: bat CAFen sartu zen, beste bat Palmeran, beste bat Bide eta Obretara. Denak ezkontzen joan ziren, eta ni amarekin eta anai ezkongabearekin geratu nintzen. Gabardinak egiten ikasi nuen.
Nolakoak izan ziren Bartzelonatik bueltako lehen urteak?
Gose handia pasatu genuen. Errazionamendu-liburuxkarekin ibiltzen ginen. Inguruan artadiak izaten ziren, eta artaburuak lapurtzen genituen. Hemen, patioan, sua pizten genuen, eta gaztetxo guztiak han biltzen ginen krispetak egitera. Edalontzietan banatzen genituen. Begira zein gose pasa genuen, laranja azalak ere txaparen gainean jarri eta jan egiten genituela. Bagoi batetik bestera pasatzen zuten janaria, eta gaztetxo guztiak han izaten ginen lurrera zerbait erori bazen jasotzeko: patata bat edo dena delakoa. Gose handia pasatzen genuen.
Nolatan moldatzen zineten ekonomikoki?
Amak Komisio Etxeetan lan egiten zuen, eta nire amonak hezi eta zaindu gintuen. Aitak Valladolidetik ekarri zuen amona, guri laguntzeko.
Goseaz gain, anaiaren falta izango zenuten…
Bai. Anaia gerran hil ondoren, amak ez zuen berari buruz ezer jakiterik izan. Orain, saiatzen ari dira Koldo [Salinas] eta hauek gorpuzkiak bilatzen. Bartzelonatik Matarora eraman zuten. Ama bere ahizparekin joan zen haren bila. Pentsa nola bueltatu zen nire ama. Izugarri sufritu zuen [hunkitu da], baina zortzi seme-alaba gehiago zituen, eta aurrera jarraitu behar zuen.
Nolatan joan zen gerrara zure anaia?
Errepublikarra zelako. Ez dakit areka batean edo hobi komun batean egongo den. Ez dakigu ezer, nire amak nahikoa bazuen gu geu denak eta amona zaintzearekin. Gerora, nire anaiak lanean hasi zirenean, larunbatero, gutunazal marroi bana jartzen zioten amari mahaian. Oso borrokalaria izan zen. Gainera, oso umoretsua zen, beti kantatzen zegoen [amak kantatzen zuen poesia bat errezitatu du, hunkituta].
Eta oraindik gogoratzen zara?
Bai. Zarzuelako kantak kantatzen zizkigun, eta antzerkia egiten genuen, bere zapatak jantzita, etxe zahar horretan. Pasillo izugarria zuen: sukaldetik atera, eta izoztuta geratzen zinen. Hiru urtez arto hostoekin lo egin genuen. Tela batzuen barruan bilduta. Hiruk batera egiten genuen lo ohe berean.
Eskolara joaten zinen?
Anakako eskolara joan nintzen. 6 urterekin hasten ginen. Auzoko neska guztiak Anakara joaten ginen, eta mutilak, berriz, gora. Orduan ez zen euskaraz ezer ematen… Oso frankistak ziren. Entziklopedia bat geneukan denerako, oso potoloa zen. Askotan zigortzen gintuen andereño Maritxuk, bazkaldu gabe. Horrez gain, aditzak eta aditzak egiten jartzen gintuen. Aditzak honeraino [burura seinalatuz] ditut sartuta. Ez zigun ezer irakatsi. Berak bazituen bere gogokoak, bizpahiru hartzen zituen, eta berogailuaren inguruan jartzen ziren; gainontzekoak hor geratzen ginen hotza pasatuz berokia eta bufanda jantzita. Hori bai, gero, San Juan egunean, oporrak ematen zizkigutenean, antzerkia egiten genuen, eta beti niri deitzen zidan joateko. [Barrez]
Zenbat urtera arte egon zinen eskolan?
14 urtera arte. Hemen ez zegoen unibertsitaterik. Aberatsak Valladolidera joaten ziren, baina, pobreak, lanera. Ni eta beste bi lagun topo ondoko josketa tailer batean hasi ginen botoiak josten. Gabardinei josten zizkieten botoiak, eta denborarekin gabardinarekiko kuriositatea piztu zitzaidan. Beste biak, berriz, poxpolo lantegira joan ziren. Lantegi asko zeuden: tailerrak, Elgorriaga, Abaddie, poxpolo lantegia, CAF, Palmera… Nik etxean josten nuen. Sukaldearen ondoan, logela handi bat zegoen, eta mahai handi bat jarri genuen. Gabardinez gain, zirak ere josten nituen. Zenbat zira garden egingo nituen… Milaka! Aurrerago, Sancheskin ere lan egin nuen jostun gisa.
Nolatan hasi zinen Sancheskin lanean?
Aita hil zenean, ahizparen ezkontza egunean hil zen gainera, sartu nintzen Sancheskin. Amari oso pentsio txikia geratu zitzaion, eta ez zeukan gizarte segurantzarik. Bertan, futboleko elastikoak, galtzak eta txandalak egiten genituen. Kirol arropa. Harilkatze makinak genituen. Horrez gain, eskiak egiten ziren. Zazpi urte egin nituen han.
Nolakoa zen bizitza emakumeentzat garai hartan?
Nahiko liberala zen. Auzo guztietara joaten ginen dantzatzera. Festa asko zeuden hemen. Colon pasealekuko Zabaltza plazari Pezetaren plaza deitzen zitzaion, eta beste aldekoek Bi Erreleakoa. Aberatsak Pezetaren plaza-tik ibiltzen ziren paseatzen, eta gu Bi Errealeko-tik.
Asko ateratzen zineten dantzatzera?
Nire lagun bat Haltza kalean bizi zenez, elkarrekin joaten ginen. ‘Tere, goazen dantzatzera’ esaten nion, eta lanak utzi eta dantzatzera joaten ginen. 16-17 urte izango genituen. Real Unionek jokatzen zuenean San Juan plazara joaten ginen dantzatzera bandarekin. Hiru pieza eta txistulariak arkupetan. Neguan, berriz, Hondarribira joaten ginen, Kale Nagusira. Udaran, Zumardian dantzatzen zen. Amak pezeta bat ematen zidan, eta han joaten ginen tranbia hartuta.
Beldurra edo errepresioa nabariak ziren kaleetan urte haietan?
Noski. Gerra garaian, hainbat neskari ilea larru arras mozten zieten, eta Colon pasealekutik paseatzen zituzten. Pikoketan ere emakume asko hil zituzten. Beste asko espetxean sartu zituzten. Kontzentrazio esparruak ere baziren, tanatorioaren aurrean zegoen. Toperatik pasatzen ziren, eta gizonak zeuden barruan. Guk ez genuen errepresioa zuzenean jasan, baina bizilagunak oso elkartuta ginen, batak besteari laguntzen genion.
Bonbak ere bazirela berretsi dute ikerketa batean. Horren berri bazenuten?
Gu bizi ginen atzealdean, gaztetxo batzuek bonba bat aurkitu zuten. Norbait hilko bazen, hamabost gaztetxo hilko ginen. Bonba topatu zutenean, joka hasi ziren nire etxeko hormaren kontra ea irekitzen zen, ez genekien zer zen eta. Bonba lurpean hondoratu zen, eta izugarrizko eztanda egin zuen, Behobian ere entzun zena. Hango goardak etorri ziren. Kezko bonba bat zen, eta zaharra zenez, hondoratu egin zen. Izugarria izan zen. Etxe guztia mugitu zen.
Hori guztia bizitu ondoren, orain memoria historikoa lantzen duten elkarteekin kolaboratzen aritzen zara…
Duela urte batzuk nirekin harremanetan jarri ziren kooperatzeko. Urtero Amaia antzokira Bordeleko gizon bat etorri izan da, eta biok gazteei gogorarazten diegu zer gertatu zen gerran. Aho bete hortz geratzen dira asko eta asko. Iaz ez genuen egin. Bordeleko lagunaren kasuan, Bartzelonara joan aurretik Frantziatik pasatu ziren hura eta beste asko, alemaniarrek harrapatu zituzten, eta kontzentrazio esparruetan egon ziren. Bi urtean behin, Gurseko kontzentrazio esparrura joaten gara, ni laguntzaile gisa. Horrez gain, omenaldietan parte hartzen dut, eta ahal dudan guztian laguntzen dut.