Hondarribian eraikitako Junkaleko Ama Birjina galeoiaren maketa ikus daiteke Sevillan
Mexikora 1630ean iritsi eta bertan hondoratu zen Junkaleko Ama Birjina galeoiaren maketa jarri dute ikusgai Sevillako Indietako Artxibo Nagusian. Itsasontzia Hondarribian eraiki zuten, eta eraikuntzaren eta ontziolaren xehetasun guztiak bildu dituzte.
Hondarribian eraiki zuten Junkaleko Ama Birjina galeoia protagonista duen erakusketa zabaldu dute Sevillako Indietako Artxibo Nagusian. Espainiako Kultura Ministerioak, Kanpo Arazoetako Ministerioak, Espainiako kultur ekintzak eta Mexikoko Antropologia eta Historia Institutu Nazionalak antolatu dute.
Txomin Sagarzazu, Hondarribiko Arma Plaza fundazioaren patronatuko presidenteak herriaren presentzia nabarmendu du: “Hondarribia erakusketa horretan presente dago”. Hondarribiko Historiaren Lagunen elkartea, Arma Plaza fundazioa eta Hondarribiko udalak, herriko Gotorleku plazaren maketarekin lagundu dutela adierazi du ere.
Hondarribian eraikitako galeoia
Puntalean zegoen La Lonja ontziolan sortu zuten itsasontzia 1622an, Antonio de Ubilla eta Maria Izagirre y Martin senar emazte hondarribiarren ontziola zen hura. Antonio Lajusti izan zen proiektuaren zuzendaria.
Ondoren, 1630an Cadizetik abiatu zen galeoia eta Mexikoko San Juan de Uluako portura iritsi zen. Itzultzeko asmotan, leku beretik irten ziren eta Santa Maria ontziarekin batera hondoratu egin zen Hondarribian eraikitakoa: “Espainiara milioi bat zilarrezko txanponez eta txokolate, zeta, larru eta tintez kargatuta zihoala, hainbat historialariren arabera. 300 tripulatzaileetatik 39 bakarrik atera ziren bizirik”.
Erakusketa apirila arte izango da ikusgai, eta ondoren Mexikora eramango dute.