Companysen omenezko plaka aurkeztu dute Etorbidearen zubian
Kepa Ordoki talde memorialistak bultzatuta, Companys presidentea omentzeko eta gertatutakoa oroitzeko plaka bat jarri dute Etorbidearen zubian. Udalak ere antolatu du ekimena, eta Kataluniako Justizia sailburua, Lourdes Ciuró, bertan izan da ere.
Lluis Companys i Jover president katalanari aitorpena ekimena aurkeztu zuen, mozio baten bidez, Kepa Ordoki elkarteak, 2020ko azken Osoko Bilkuran. Onartua izan zen proposamena, eta ordutik, hitzartutako ekintzak bete egin dituzte Kepa Ordokik dioenez, gaur izan da azkena: “Etorbidearen zubian euskarri fisiko baten ezarpena, Kataluniako presidentearen deportazioa azalduz eta Etorbidearen zubiko entrega oroitaraziz” Gaurkoa eta aurretik egindako ekimenak, aitorpen eta erreparazio keinuak izan direla azaldu du talde memorialistak.
Bertan hainbat ordezkari egon dira presente, hala nola, Jose Antonio Santano alkatea, Lourdes Ciuró Generalitateko Justiziako kontseilaria, Toni Bou ERCko oroimen sektorialeko lehendakari ordea, Santiago Jimenez Irungo Memoria historikoko ordezkaria eta Ester Capella, ERCko kidea zein Kataluniako gobernuaren ordezkaria Madrilen.
Etorkizunerako lanketak
Memoria ardatz duen elkarteak, ERC eta Kataluniako gobernuaren baitako Memorial Democratic sailarekin harremanak estutu dituztela aurreratu dute. Izan ere, 2017an uztailaren 4ko 11/2017 legearen bidez, frankismoaren biktimen erreparazio juridikoa ebatzi zen. Era honetan, ilegaltzat jo zituzten gudaroste okupatzailearen gerra ikuskaritza epaitegiak erabakitako kausak, sententziak edo erresoluzioak.
Ildo honetan, jazarpen judizial hau jasan zuten 43 bidasoarrei buruzko informazioa lantzen dabil elkartea, “erreparazioari loturiko lanketa hau elkarteak izango duen katebegi berria izanen da”, zehaztu dute. Ondoren, biktima bakoitzari buruzko informazioa eskuragarri jarriko dute “administrazio publiko zein senideentzat”.