Bidasoak gainezka egin du Behobian
Auzoaren erdigunera iritsi da ura. Zenbait lokal eta baxuetara ura sartu da, eta auzotarrak ura kentzeko lanetan dabiltza.
Bidasoa ibaiari begira pasatzen ari dira azken orduak irundarrak. Goizaldean, ibaiak gainezka egin du Behobian, eta momentu honetan hala jarraitzen du. Auzoaren erdigunera iritsi da ura. Gainera, ordu hauetan egoerak okerrera egin dezake, 09:00etan baita itsasgora.
Txingudi Zerbitzuak eta suhiltzaileek HITZAri esan diotenez, itsasgora une honetan izaten ari da, eta “itxarotea” besterik ez da geratzen. Beraz, gertutik jarraituko diote Bidasoa ibaiaren emariari.
Euskalmeten arabera, orain, maila horian daude Behobia eta Jaizubiako estazioak. Gainera, iragarpenaren arabera, datozen orduetan prezipitazioak zertxobait etengo dira, eta egunaren bigarren zatian ugaritu egingo dira berriro. 15:00ak arte alerta laranja ezarrita egongo da prezipitazio iraunkorrengatik.
Edozein kasutan, ura dagoeneko kalteak eragiten ari da zenbait baxu eta etxeetan, Behobian bertan. Auzotarrak elkarri laguntzen ari dira ura kentzeko lanetan. Jose Antonio Santano alkatea ere bertan da. Oro har, auzoko lokaletan eta zona baxuetan, zakuak jarri dituzte ura ez sartzeko.
Kale batzuk moztuta daude ordu hauetan: Alcaldia de Sacas Mendipe inguruan, Junkal Labandibar auzoko erdialdean, baita Zaisa I eremuan.
Denboralea trafikoan ere izaten ari da, eta Irungo Udalak Behobiara autoz ezinbestekoa bada baino ez joateko eskatu du. Horrez gain, N-121 errepidea moztuta dago Lastaolan, Puntxasen, lurjausiengatik. Bestalde, AP8tik N121Arako irteera adarrak moztuta daudela jakinarazi du udalak. Autopilaketa dexente izaten ari dira zenbait puntutan, Behobian kasu.
Horrez gain, adi ibili behar da errepidean zenbait puntutan putzuak baitaude, eta denboralea dela eta adarrak ere erori dira, Bidaude-Ureder industrialdean, esaterako.
Atzo arratsaldean Jaitzubian irten zen erreka. Arratsaldeko lehen orduetarako Jaitzubiako estazioa maila gorrira iritsi zen, eta arazoak eragiten hasi zen, errepidean eta baita zenbait etxeetan ere. Momentu honetan maila berdean dago.
Uholde arrisku plana
Irungo Udalak jakinarazi duenez, atzo arratsaldetik uholde arrisku plana martxan jarrita dago. Atzo arratsaldean bertan Behobia inguruko bizilagunei abisua pasatu zieten, autoak ibaiaren ondotik kentzeko. Horrez gain, zakuak eta hesiak jarri dituzte ura baxuetara ez sartzeko.