Atseden hartu ostean, Durangoren aurka arituko da Txingudi Zaisa errugbi taldea
Larunbatean etxean jokatuko du Txingudi Zaisa errugbi taldeak. Sailkapeneko azken postutik irteten saiatuko dira.
Joan den asteburuan deskantsatu ostean, berriz lehiara itzuliko da Txingudi Zaisa errugbi taldea eta etxean jokatuko du Durangoren aurka, larunbatean 16:00etatik aurrera.
Sailkapeneko laugarren postuan daude bizkaitarrak, eta aurreko jardunaldian 29-13 gailendu zitzaien Sarako Izarrari. Irundarrei zail jarriko diela uste dute beltz-zuriek. Izan ere, elkarren arteko azkeneko partidan 44-7 galdu zuten eta sailkapeneko azken postua utzi nahi dute etxekoek.
Lesionatuen eta bajan daudenen zerrenda zabala da oraindik, Ivan Martin, Unai Herrero eta Luker Crouzatenak ezin jokatu jarraitzen dutelako. Zorionez, Javi Boes, Adur Manterola, Jenő Kocsis eta Xabi Sanchez gehituko dira taldera.
Bestalde, klubeko beste taldeek atseden hartuko dute, 14 urtez azpikoek izan ezik, ligako lehen partida jokatuko baitute Riojaren aurka, larunbatean, Logroñon, 11:45ean.