Bidasoak maila ona eman arren, ezin izan du garaipena lortu
Koronabirusaren ondorioz, bi aste kantxetatik kanpo pasatu ondoren, atzo lehenengo neurketa jokatu zuen, Wisla Plocken kontra. Markagailua poloniarren aldekoa izan da: 28-29
Bidasoak izugarrizko neurketa egin arren, ezin izan du Wisla Plock garaitu European Leagueko bosgarren jardunaldiko lehian. Atzo jokatu zuten partidua Artelakun 1.542 zaleren aurrean.
Neurketa osoan zehar poloniarrak aurretik joan ziren, baina lehen 18 minutuan, sei goleko errenta atera zieten: 5-11. Atsedenaldira joan bitartean, errenta bera mantendu zuten, 11-16. Atsedenalditik bueltan, hasiera antzekoa izan zen, baina Bidasoak ez zuen oraindik azken hitza esan. Azken minutuetan neurketa estutu zuen talde irundarrak Azkuere bi gol, eta Rodriguez, Ugarte eta Salinasen gol banarekin, eta 23-28 galtzetik, berdintzera pasatu ziren, 28-28. Edozein kasutan, poloniarrek azken gola sartu ahal izan zuten azken segundoetan, eta azkenean, markagailua 28-29 geratu zen.
Atzo jokatu zuen lehen neurketa Bidasoak bi asteren ondoren. Koronabirusarengatik hainbat jokalarik positibo eman ondoren.
European Leagueko sailkapenean, laugarren postuan dago Bidasoa, baina oraindik partida bat dauka jokatzeko, koronabirusarengatik atzeratua izan zena, Pfasi Winterthurren kontra. Hilaren 14an jokatuko dute, Suitzan, 18:45etik aurrera.