Pasquier-Recondoko lursailean alternatiba berdeak aztertzeko eskatu dio EAJk udal gobernuari
Hirigintza-izapidetzea eztabaidatzeko unea iristen denerako, talde politiko guztiek hainbat proposamen alternatibo eskuartean izatea eta horiek eztabaidatzea proposatu dute jeltzaleek.
Joan den azaroan, Artiako Lagunak elkarteak aurkeztutako berraztertze errekurtsoa atzera bota zuen plenoak, eta EAJk gogorarazi duenez, orain, bidea irekita geratu da Plan Orokorraren aldaketa izapidetzeko, Azken Portuko hitzarmena dela eta.
Horren aurrean, udal gobernu taldeari eskatu dio bere jarrera zein den argitzea. “Gobernuak gure zerbitzu teknikoei alternatibak bilatzeko eskatuko dio? edo alternatibak bilatzeari uko egingo dio?”, galdetu du.
EAJk uztaileko udalbatzarrean esandako ideiarekin jarraitzen du, eta udal gobernuari Pasquier Recondo eremuan 200 etxebizitza eraiki beharrean, beharrezko hirigintza tresnak erabiliz, formula alternatiboak bilatzeko galdegin dio. Azaroko udalbatzarrean ere hala egin zuen, udal gobernu taldeari hirigintzako zerbitzu teknikoei “formula berriak bilatzeko agindua ematea” eskatuz.
Jeltzaleen asmoa da hirigintza izapidetza eztabaidatzeko unea iristen denerako udal talde guztiek proposamen alternatiboak prestatzea edota hainbat alternatibak bilatzeko ikerketa egina izatea. “Aukera bideragarri horiek aztertzeko eskatzen diogu, Pasquier-Recondo partzelan 200 etxebizitzak eraiki beharrean, Bidasoaren inguru
pribilegiatuarekin egokiagoak eta lagunkoiagoak diren alternatibak bilatuz”, gaineratu du.