Txingudi Ikastolako guraso elkarteak "itxaropentsu" ikusi du Kalean Bai egitasmoa
Guraso elkartearen arabera, gaur egun, Irunen, haurrek nahiko balute ere, ezinezkoa lukete eskolaz kanpoko jardueretan euskaraz jardun: "Elkarte eta eragileen borondatearen baitan geratzen da".
Txingudi Ikastolako Guraso Elkarteak “itxaropentsu” ikusi du udalak Kalean Bai programa berritzeko martxan jarri duen prozesua. Edozein kasutan, prozesua “gertutik” jarraituko duela adierazi du, 2003an programa abiatu zenetik eta 64 elkartek parte hartu badute ere, “paper bustia eta jarraipenik gabeko konpromiso hutsa” izan dela kontuan hartuta.
Urte hauetan guztiekin udalari “hizkuntza politika ausartagoak eta ekintza berriak” bultzatzeko eskatu izan diotela jakinarazi du guraso elkarteak, baina Jose Antonio Santano alkatearen erantzuna “udalak martxan dituen programaren euskararen erabilera bultzatzeko aski dela izan da”. Errealitateak, ordea, “beste zerbait” adierazten duela esan du. Siadecoren inkestaren arabera, irundarren %60 da euskalduna edo sasieuskalduna, eta horietatik %8ak baino ez du euskara erabiltzen. Gainera, haurrek nahiko balute ere, eskolaz kanpoko jardueretan ezingo luketela euskara erabili azaldu du, “kirol, kultur edo aisialdi proposamen gehienak erdarara lerratzen baitira”, propio sortutako ekitaldiak izan ezik, Haurrak Parkean, kasu.
Horrek ondorioak ekartzen dituela nabarmendu du guraso elkarteak;: “Ez da kasualitatea, EAEko ikasleen %41ak ikasketak burutzeko euskara maila nahikorik ez izatea gaur egun. Eskolakoak eta eskolaz kanpokoak giltzarri dira”. Gurasoei ere hori kontuan hartzeko eskatu die.
Udal Gobernuak “asmo berriak”
Udal Gobernu taldean iaz izandako aldaketaren ondotik, “helburu eta asmo berriak” dituelakoan da Txingudi Ikastolako guraso taldea, “soilik 21 elkarte batu badira ere, badirudi dinamika berri bat sortu nahi dela”. Nolanahi ere, guraso elkarteak dinamikari jarraipena egingo diola berretsi du, “benetan eraginkorra izan dadin itxaropen osoz”.
Bestalde, euren eskaerak aintzat hartzeko eskatu dio udalari, eta elkarlanean aritzeko deia egin du: “Udalarekin, eta bereziki, hiriko elkarteekin eta eragileekin zubiak eraikitzeko lan egingo dugu datozen hilabeteetan, euskararen olatuan murgildu daitezen”.