Hiriko zinema aretoen historia oparoa
Azaroan zabaldu zuten ‘Irungo zinemak, pantailaren magia (1897-2021)’ erakusketa Kabigorrin. Hiriko zinemaren historia argazki eta bitxikeriekin kontatu du Gurutz Albisu zinema historialariak.
Hiriko zinema aretoen ibilbidea bildu du Irungo zinemak, pantailaren magia (1897-2021) erakusketan Gurutz Albisu zinema historialariak. Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan dago ikusgai, «Irungo historia zentzu honetan nola eraldatu den kontatzeko». Irudi gehienak Irungo Udal Artxibotik jaso ditu, eta beste hainbeste jada dokumentatuta zeuzkan 1994ean idatzi zuen Irungo zinema aretoen eta antzokien historia liburuan. Era kronologikoan ordenatutako bisita gidatu baten bidez, jasotako eskuko programa, sarrera, kartel eta aretoen irudiez mintzatu da Albisu. Abenduaren azken egunera arte dago zabalik, ostegunetik larunbatera, 19:00etatik aurrera.
Aretoak, zinema, eta arte espresio horren magia duela ia 125 urte iritsi ziren Irunera. Zehazki, 1897ko urtarrilaren 30ean egin zen pelikula baten lehen proiekzioa. Hiriak izan zuen lehen pantaila handia Irun Antzokia izan zen eta udaletxeari itsatsita zegoen, gaur egungo Prudencia Arbide karrikatik behera.
1911n, Zabaltza plazan zegoen Errepublikaren Zentroaren atzean Antzoki Nagusia ireki zuten, hiriko bigarren pantaila. Baina Francoren indar faxisten bonbardaketek kiskali egin zuen 1936an. Diktaduraren lehen urteetan, pantailak zituzten antzokiak zeuden bakarrik hirian.
Albisuk hirian izan diren eta diren zinema aretoen errepasoa egin du. Orotara, bederatzi pantaila handi egon dira hirian: Irun antzokia, Antzoki Nagusia, Arte Ederrak, Eretsu aretoa edo Zine Avenida, Zine Bidasoa, Urantzu aretoa, Amaia antzokia, Ocine Txingudi eta Ci- nebox Mendibil.
1960ko hamarkadan garai berriak iritsi ziren zinemara, eta hirira. Jada ez zen zine mutua bakarrik sortzen, soinua eta irudia uztartuta zeuden. Nabaria zen zinemarekiko jendeak zuen interesa, eta erakusketan ikus daiteke hainbat emanaldi bata bestearen atzetik proiektatzen zituztela. Horrez gain, 1960an hiriko zinemen artean 5.000 pertsonentzako besaulkiak zeudela zehaztu du
erakusketaren sortzaileak. Hala ere, goia jo zuen urte haietan zazpigarren arteak, eta 1960. urtetik aurrera proiekzioen beherakada sumatu zen. Izan ere, aisialdirako eskaintza zabaldu egin zen eta jendeak beste zenbait aukera bilatu zituen: «Telebista sartu eta zinemaren krisia hasi zen, areto klasikoenak itxi zituzten. 1999ean itxi zuten azkena, hasieran Eretsu Aretoa bezala ezaguna zena, baina euskarak jasan zuen zentsuragatik Zine Avenida zena».
Irungo Zine Kluba
Gizarteak aisiarekin lotzen zuen zinema batez ere. Ideia horren beste aldean, 1958an Irungo Zine Kluba sortu zuten garaiko euskal artistek Albisuren hitzetan. «Kultur jarduerak egiteko eta zinemari buruz hausnartzeko, besteak beste». Igandero biltzen ziren Areto Nagusian, esate baterako, Nestor Basterretxea, Jorge Oteiza edota Menchu Gal. Gainera, Oteizak asteroko jardunaldien kartelak egiten zituen. Zentsuragatik ez zuten euskarazko filmak proiektatzeko aukerarik izan.