Bakea eta askatasunaren aldeko mural bat marraztuko dute
Esku zuriak marraztuko dituzte ETAren jarduera armatuaren amaieraren 10. urteurrenaren testuinguruan eta Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna baliatuz. 'Petit Pays' filma ere eskainiko dute.
Datorren ostiralean, hilak 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izango da. Egun horren harira, eta aurten ETAk jarduera armatua utzi zuenetik 10. urte igaro direla kontuan hartuta, Irungo Udalak mural bat marraztuko du Artaleku kiroldegiaren atzealdean.
Muralean bakea eta askatasuna irudikatu nahi izango dituzte, eta horretarako, nazioarteko ikur bihurtu diren bi esku zuri marraztuko dituzte. Juncal Eizagirre Kultura ordezkariaren esanetan, muralaren marrazketak bi helburu izango ditu: batetik, hausnarketa bat plazaratzea eta legatu bat uztea, gizartean aise identifikatu daitekeen ikur baten bidez, eta, bestetik, eremua berreskuratzea, muralismoaren eta lan artistikoaren bitartez.
Garikoitz C. Murua (GKO Art Studio) arduratuko da murala egiteaz.
Petit Pays
Giza Eskubideen Egunaren bezperan, Petit Pays filma proiektatuko dute, Amaia KZn, 19:00etatik aurrera. Balioen arloak antolatuko film hori Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia itxi zuen filma izan zen.
1990eko hamarkadan kokatuko da filma, Burundin. Hutu eta tutsien arteko gatazka islatuko du filmak, eta Burundin eta Rwandan piztu zen gerra zibila landuko du.