Euskararen erabilera ez formalari bulkada ematearen alde egin dute udal taldeek
Udal talde guztiek bat egin dute Euskararen Eguneko adierazpenarekin. IKTetan tokia hartu eta erabilera ez formaletan euskarak jauzi bat egitearen alde egin du.
Euskararen Eguna da gaur, eta Irungo Udalak, urtero moduan, adierazpen instituzionala egin du, udal talde guztiek aho batez onartuta. Euskarak bi erronka nagusi dituela jaso dute adierazpenean: batetik, komunikazio eta jarduera eremu berrietan tokia egitea, eta, bestetik, eremu ez formaletan eragitea.
Pandemiaren testuinguruan kokatu du udalak gaurko Euskararen Eguna: “Tentuz, baina ateratzen ari gara, azkenean, beltzenetik argira”. Egungo egoera, herritarrak zuzeneko harremanak berreskuratzen hasi direla adierazi du, eta pandemia aurreko egoerara edo ahal balitz “hobera” iristeko itxaropenez: “Gurekin batera egin dio euskarak pandemiari aurre, eta gurekin irten behar du garaile”.
Aro berrian harreman eta komunikazio bide berriak sortu direla gogorarazi du, eta hor kokatu du euskararen hurrengo erronka: “Komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea. Eraginkor. Tinko”, nahiz eta onartu duen “ozeano erraldoi horretan” zaila dela horrelakorik lortzea.
Zentzu horretan, euskal hiztun komunitatearen lana balioan jarri du, eta erabilerarekin zuzen-zuzenean loturiko presentzia dela esan du euskarari benetako balio erantsia dakarkiona. Euskararen alorrean erakunde publikoek “babes eta lidergoa” erakutsi behar dutela gaineratu du, eta “ekimen eta lankidetza publiko-pribatuaren eskutik lan egiten badugu, erronkaren neurriak ez gaituela beldurtu behar”, ondorioztatu du.
Halaber, erabilera ez formalari landu beharra nabarmendu du, “lehentasunez”: “Euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera”. Hor hiztunen konpromisoaz gain, instituzioen ahalegina beharrezkoa izango dela iritzi dio, “bitartekoak jarriz eta eredugarritasuna erakutsiz”.
Erabilera ez formalean eragiteak euskararen bizipena “norabide positiboan” aldatuko lukeela azaldu du, batik bat gazteengan. Aisialdi eta kirolaren eremua gazteengana iristeko “esparru egokia” direlakoan da udala, “euskararen erabilera ez formalari berebiziko bulkada emango lioke. Hain zuzen, testuinguru horretan kokatu du Kalean Bai plana. “Aukera paregabea dugu harreman eta erabilera-eremu berrietarako euskara, bidelagun ez ezik, lanabes eraginkor bilakatzeko”, ondorioztatu du.
Hemen adierazpen instituzionala osorik: Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpena.