EH Bildu: "Euskara bigarren plano batean dago Irungo Udalean"
Irungo Udalari euskararen aldeko "konpromiso sendoa" hartzeko eskatu dio koalizioak, "horrekin euskararen erabilera handitzeko, udaletxe kanpora zein barrura begira".
Gaur, Euskararen Eguna, euskara aitortzeko eguna dela aipatu du EH Bilduk, “baina ez dugu ahaztu behar euskarak 365 egun dituela”. Zentzu horretan, Irungo Udalari begira jarri da, eta “euskararen aldeko konpromiso sendoa” hartzeko galdegin dio, “horrekin euskararen erabilera handitzeko, udaletxe kanpora zein barrura begira”.
EH Bilduren esanetan, Irungo Udalean euskara “bigarren planoan” dago, “kanpora zein barrura begira”. Kanpora begira gaztelaniaz egiten diren prentsaurreko eta adierazpen publikoak aipatu ditu, baita udalbatzak ere: “Argi ikusten da euskara eta gazteleraren artean dagoen desoreka”. Barrura begira ere euskarari ez zaiola behar duen garrantzia ematen jakinarazi du: “Udal gobernuak proposatzen dituzten adierazpenetan ohikoa da taldeok testu proposamena gazteleraz jasotzea”.
Edozein kasutan, zenbait ordezkarik euskara erabiltzeko egiten duten ahalegina eskertu du, “hori da bidea eta horretan sakon dezala eskatzen diogu udal gobernuari”.
Izan ere, erabileran jarri du arreta koalizioak, hori delako euskaren aldeko konpromisoa erakusteko modurik argiena, eta norbanakoen ahaleginaz gain, instituziok ere “eredugarri” izan behar dutela nabarmendu du: “Ardura politikoa da euskarari erabilera duina ematea eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea”.
Koalizioaren kasuan, lan tresna ere badela zehaztu du, eta, zentzu horretan, euskararekiko konpromisoa berretsi du. Euskara “guztion ondarea” izatez gain, “integrazio eta kohesio tresna” ere badela gogorarazi du.