[Erreportajea] Aisialdiko euskara eskaintza zabaltzea nahi dute Irunen
Iaztik zenbait ikastetxetako guraso elkarteak lanean ari dira kirol eta kultur elkarteek eskaintzen dituzten jardueretan euskara sustatzeko. Orain, klubekin eta elkarteekin biltzen hastekoak dira.
Haurren euskararen erabilera kezka bihurtu da azken urteetan, baita Irunen ere. Kezka horretatik abiatuta, joan den ikasturtean martxan jarri ziren zenbait guraso elkarte eskolaz kanpoko jardueretan eragiteko asmoz. Izan ere, kezkatuta zeuden Irungo aisialdi eskaintzarekin, uste baino zabalduago baitago haur eta gazteei zuzendutako jarduera horiek gaztelaniaz eskaintzea. Hor eragiteko pausoa eman zuten Txingudi Ikastolan, eta beste zenbait guraso elkarterekin harremanetan jarri ziren, Eneko Oiartzabal Txingudi Ikastolako guraso elkarteko kideak azaldu duenez. Iaz, lehenengo urratsak egiten hasi ziren oinarriak zehaztuz eta eragileekin bilerak eginez. Esaterako, udalarekin eta udal taldeekin elkartu ziren. Ikasturte berrian sartzearekin batera, kirol elkarte garrantzitsuenekin bilerak eskatzen hasi dira, gaiarekiko duten kezka azaltzeko.
Elkarteekin ez ezik, gurasoekin ere hasi dira lanketa egiten, haurrak jarduera batera apuntatzen dituztenean kontzientzia har dezaten. “Kezka hori zenbat eta gehiago zabaldu, orduan eta errazago izango da elkarteek euskarazko eskaintza zabaltzea”.
Kalean bai
Udalarekin duten elkarrizketei dagokionez, administrazioak arlo horretan jakinarazi dien azken berritasuna Kalean Bai egitasmoa berraktibatzearena izan da. Hain zuzen, aste honetan bertan egin dute sinadura ekitaldia herriko zenbait kirol eta kultur elkarterekin [erreportaje hau sinadura ekitaldia aurretik egina izan da]. Miren Etxebeste Euskara zinegotziak Euskararen Egunaren aurkezpenean aurreratu zuenez, 2017an sinatu zuten azken aldiz plana, eta “gaur eguneko errealitatera” egokitzeko beharra ikusi dute. Aurten, 21 entitaterekin sinatuko dute, eta bertan daude hiriko elkarte nagusienak, hala nola, Real Union, San Marcial edota Bidasoa. Egitasmoaren helburua entitateetan eta eurek antolatzen dituzten ekintzetan “pixkanaka” euskara sustatzea izango da. Horretarako bi bide landuko dituzte: formazioa eta foroa. Formazioari dagokionez, begiraleak prestatzea izango dute xede, kontuan hartuta jatorri eta hizkuntza ohitura ezberdinetako haurrak edukitzen dituztela. Bestalde, entitateen arteko foro bat martxan jarri nahi dute euskararen alorrean egiten dituzten aurrerapenak partekatzeko. Oiartzabalen ustetan, baina, ikusteko dago plana nola gauzatuko den eta zein konpromiso hartuko dituzten. Hala ere, nahiko ezkor azaldu da, aurrekoak fruiturik eman ez duela argudiatuta, “elkarteen borondatearen baitakoa da”.
Bide batez, Oiartzabalek Txingudi Ikastolako aisialdi taldearen berri eman du: Txingurri Bihurriak. Begirale batzuekin asteburuetan 9 eta 16 urte arteko gazteei zuzendutako ekintzak egitea da asmoa: txangoak, tailerrak… Aisia testuinguruan, gurasorik gabe, euskararen erabilera sustatzea da helburua. Ikasturte honen erdialdean, martxoa aldera, jarri nahi dute martxan.