Irungo 21 elkartek euskara bultzatzeko konpromisoa berretsi dute
Kalean Bai plana berraktibatu du udalak, "aisia euskalduntzeko erreferente" bihur dadin, eta egungo egoerara egokitutako planak sinatu dituzte.
Kalean Bai plana berraktibatu du Irungo Udalak, eta, atzo, sinadura ekitaldia egin zuen planari atxikitu zaizkion elkarteekin. Guztira, 21 elkartek hartu dute konpromisoa euskara bultzatzen jarraitzeko.
Duela zenbait urte martxan jarritako plana da Kalean Bai. Udalaren arabera, 2020 urtera arte 90 elkarterekin jarri dira harremanetan, eta 64k sinatu dute hitzarmenen bat edo orokorra edo espezifikoa. Elkarte horiek zenbait konpromiso hartu izan dituzte euren entitateetan eta euren jardueretan euskara bultzatzeko.
Orain, berriz, udaleko euskara arloak hausnarketa egin ondoren, plana biziberritzeko premia ikusi du. Hala, oraingo honetan, 21 elkarterekin sinatu ditu akordio berriak. Modu horretara, Kalean Bai “aisia euskalduntzeko erreferente” bihurtzea espero du udalak.
Honako elkarteak dira sinatu dutenak: Ametsa Abesbatza Kultur Elkartea, Auntxa Trikitixa Eskola, Bidasoa Atletiko Taldea (BAT), Bidasoa Judo Elkartea, Bidasoa ke (eskubaloia), Bidasoa XXI Igeri Elkartea, Eraiki Dantza Taldea, Erroibide saskibaloia, Ibarla-Meaka Dantza Taldea, Irun Rugby Taldea/Txingudi Errugbi Taldea, Irungo Txirrindulari Elkartea, Jaizubia Hipika Elkartea, Kemen Dantza Taldea, Leka Enea Mahai-Tenisa Elkartea, Mariño Kirol Kluba, My Dance Studio, Pauso-K akademia, Real Unión Club, Santiagotarrak Kirol Elkartea, Skola Musik, Txorimaloak Soinu Taldea.
Faseak
Plan hori faseka eramango dute aurrera. 25 urtera arteko aisia ekintzak antolatzen dituzten elkarteekin hasi dira, eta “euskara bultzatzen jarraitzen gonbita” egin zaie “egoera berrietara moldatuz”. Hurrengo fasean, aurretik hitzarmena sinatuta daukaten entitateekin egingo dute lanketa: banan-banan deituko zaie eta hitzarmena berritzeko prozesua hasiko dute. Azkenik, plana zabaltzeko deia egingo dute gaztetxo haur eta gaztetxoekin lan egiten duten entitate guztietara iristeko.
Horrez gain, Kalean Bai osatzen duten entitateen arteko sarea osatu nahi du udalak, “elkar laguntzeko eta elikatzeko balio izango duena”. Horrez gain, udalak hainbat baliabide jarriko ditu euren eskura prozesu horretan: “Euskara arloaren bitartez, zuzenketa eta itzulpen zerbitzua, interpretaritza maleta eramangarria edota formazio eta sentiberatze saioak
jaso ditzakete”.