Ireki dute hego ingurabidea
Oinaurre eta Txenperenea lotzen dituen errepide zatia gaur zabaldu dute. A8tik Irunerako sarbideak aritzea izango du xede.
Gaurtik aurrera martxan izango da Oinaurre eta Txenperenea auzoak lotuko dituen Hego Ingurabideko lehen faseko errepide zatia. Guztira, 690 metro luze ditu, eta 7 milioi euro pasatxoko aurrekontua izan du. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalak finantzatu dute erdibana, aldundiak, hein batean, 6 milioi eurorekin.
Gaur goizean inauguratu dute errepide zatia Jose Antonio Santano alkateak, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Cristina Laborda Obren udal ordezkariak, Borja Olazabal Mugikortasun udal ordezkariak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatuak.
Errepide zati hori AP8 autopistako loturari batuko zaio. Obra horiek aldundiak finantzatu zituen Bidegiren bitartez, eta kasu horretan, 8 milioi euroko inbertsioa egin zuen.
Hego ingurabideak Irungo sarbideak hobetzea du helburu, udalak gogorarazi duenez: “Hiriko sarrera nabarmen hobetzea ekarriko du, eta hirigunea inguratzeko eta Irunera sartzeko zirkulazioa banatzeko aukera emango du, Txenperenean barrena Iñude kalea (Oñaurre) eta Larreaundi eta Lapitze auzoak lotuta”. Horretarako, udalak eta aldundiak akordio bat sinatua daukate.
Olanok “obra garrantzitsuak” izan direla nabarmendu du, aldundiari suposatu dion inbertsioagatik (14 milioi), baita AP8 eta hirigunearen artean konexio zuzenago bat egongo delako. “Gipuzkoako Foru Aldundiak bete du Irunekiko apustua”, gaineratu du.
Santanok, berriz, “hiriak aspaldidanik espero zuen jarduketa” dela adierazi du. Oraindik bigarren fasea gauzatzea falta da, baina alkatearen ustez, urrats horrekin mugikortasunaren mahaiaren barruan “zirkulazioaren diseinuari buruzko beste erabaki batzuk” pentsatzeko aukera izango dute.
Bigarren faseko proiektua idazketa fasean dago Tokiko Gobernu Batzarrak onartu ondoren, eta 119.967,87 euroko aurrekontua izango du.