Auzoak, etxebizitza eta euskara arloetarako proposamenak egin ditu EH Bilduk aurrekontuei begira
Migranteen arreta hobetzeko ere neurriak eskatu ditu, hala nola, dispositiboetatik kanpo geratzen diren pertsonei erantzun bat ematea.
EH Bilduk 2022rako aurrekontu proposamenaren berri eman du. Proposamen horrek lau ardatz nagusi izango ditu, “irundarren bizitzak hobetzeko” helburuarekin: deszentralizazioa, etxebizitza, euskara eta migranteak.
Auzoak izango dira ardatzetako bat. EH Bilduk aurreko urteetako planteamenduari jarraituko diola esan du, eta deszentralizazioaren alde egin du. Hiru auzotan (Katea, Anaka eta Elitxu) programa pilotuak martxan jartzeko eskatuko du, udal zerbitzuak horietarako iris daitezen. Hala, HAZeko unitatea, Ongizate arloko leihatila eta CBA sarean funtzionatuko lukeen liburutegi bat.
Etxebizitza publiko sarea indartzea ere proposatu du koalizioak: “Dagoeneko adostuta ditugun hainbat eremutako etxebizitzez gain, proposatzen dugu Irunvik bueltan jasoko dituen etxebizitzak erostea”. Etxebizitza horiek sare publikoan sartu, eta alokairu sozialean eskaintzea da asmoa, “Irunek daukan arazo larri honi irtenbide progresiboa eman ahal izateko.”
Bestalde, euskararen arloan, jauzi kualitatiboa egiteko eskatu dio udal gobernuari. Batetik, udal kontratu eta pleguetan euskara klausulak betetzen diren jarraipena areagotzea eta sistematizatzea proposatuko du. EH Bilduren arabera, oraindik zenbait udal zerbitzu ez dira euskaraz ematen, eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko galdegin dio udalari. Horretarako, bestelako neurriak behar direla iritzi dio, langileen formakuntza, besteak beste. Horrez gain, udal ordezkariek “eredugarri” izan behar dutela esan dute, eta prentsaurrekoetan eta eguneroko harremanetan euskara erabiltzeko eskatuko du.
Migranteen arreta
Migranteek Irunen bizi duten “drama humanitarioa” dela eta, udalak arazo horri ezin diola “bizkarra eman” iritzi dio koalizioak “nahiz eta ez eskuduntza ez ardura zuzenik ez izan”. Ildo horretatik, dispositiboetatik kanpo geratzen diren migranteei erantzun bat ematea eskatuko du. Horrez gain, kanpoan geratzen diren pertsona horien profila eta kasuistikarekin txosten tekniko bat egiteko proposamena luzatu du, eskumena duten erakundeek ekiteko, “inork ez duelako beste tragediarik bizi nahi”.