Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde mobilizatuko dira sindikatuak
Bihar kalera irtengo dira sindikatuak, goizean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta, arratsaldean, herrietan, baita Irunen ere.
Sindikatuek “lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde” kalera irteteko deia zabaldu dute asteazken honetan, abenduak 1. Mobilizazioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzte goizean, 11:00etan. Donostian, esaterako, Gobernu Zibiletik aterako dira. Arratsaldean, berriz, herriz herri egingo dituzte, Irunen, kasu. 19:00etan irtengo dira San Juan plazatik.
ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek egin dute deialdia, eta Bidasoan hainbat atxikimendu lortu ditu: Su Txikian, Bidasoko Eskubide Sozialen Karta, Erletxe, Bidasoko Stop Kaleratzeak, Lakaxita, Irungo Harrera Sarea, eta BDS Koop.
Europako funtsak “Damoklesen ezpata” bihurtu direla adierazi dute deialdia egin duten sindikatuek: “Lan erreforma eta pentsioen erreforma ezinbesteko baldintza dira beltzez jantzitako gizonek argi berdea eman diezaioten Espaniako Estaturako funtsen transferentziaren bigarren zatiari”. Hori, ordea, ez dutela onartuko argi utzi dute.
Pentsioen erreformari dagokionez, lege proiektuan erretiro aurreratuan “murrizketak” ezarri nahi dituzte, “eta ez da inolaz ere bermatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsiorik, ezta genero arrakala gainditzen ere”. Lan erreformaren harira, berriz, Euskal Herrian lan hitzarmenak negoziatzeko eskubidea ez dela bermatuko aurreratu dute, ezta aurreko lan erreformaren funtsezko puntuak indargabetu, hala nola, kaleratzeko erraztasunarena.
Bestalde, Hego Euskal Herriko erakundeen aurrekontu politika zekenen jarraipena, zerbitzu publikoa pribatizatzearen aldeko politikak eta gizarte prestazioak are gehiago murriztu nahia aipatu dituzte sindikatuek, “honek guztiak adierazten du 2008ko krisialdian eta pandemian zehar ikasitakoa ez dutela aintzat hartu nahi”. Azken horrek, pandemiak, sistema autonomikoa “zein hauskorra den” agerian uzten duela salatu du.
Horrekin guztiarekin mobilizatzeko erabakia hartu dute sindikatuek, “greba orokor baten erreferentzia” ere eztabaidatu dutela azaldu dute, baina, orain, asteazkenerako deialdia egin dute, eta gizarte mugimenduak bat egitera animatu ditu, “abenduaren 1ko mobilizazioa ahalik eta zabalena” izan dadin.