Interes publiko goreneko proiektuen aferan, Irungo bidea jarraitzeko eskatu dio PSE-EEri Elkarrekin Podemosek
Joan den ostiralean Udalbatzak aho batez onartu zuen Ingurumen Administrazioaren lege-proiektua behin betiko onartu aurretik, Eudeli kontsulta egiteko eskaera.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea Irunen izan da Eusko Jaurlaritzak Interes Publiko Goreneko Proiektu figura sortzeko duen asmoaren inguruan hitz egiteko. Alboan izan du David Nuño koalizioko Irungo Udaleko bozeramailea.
Hain zuzen, Irunen egin dute prentsaurrekoa, joan den ostiralean Irungo Udalbatzak hartutako erabakiaren harira; izan ere, aho batez erabaki zuen Ingurumen Administrazioaren lege proiektua behin betiko onartu aurretik, Eudeli kontsulta egiteko eskaera, Interes Publiko Goreneko Proiektu figurak udal eskumenekin talka egin dezakeelakoan. Gorrotxategiren esanetan, lehen aldia da sozialistek udal erakundeetatik EAJ eta PSE-EEren gobernu autonomikoaren kudeaketa “zalantzan” jartzen dutela.
Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak figura horren konstituzionaltasuni buruz “zalantza handiak” daudela adierazi du, udal eskumenetan sartzen dela eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legean ezarritakoaren aurka doala argudiatuta. Zentzu horretan, PSE-EEri eta Eneko Andueza idazkari nagusiari eskatu die beren jokabidea berraztertzeko: “Irunen bezala, lehentasuna eman diezaiola udalerrien eskubide eta eskumenen defentsari, eta ez gobernuko kidearen interesei”.
Zentzu horretan, Nuñok toki-autonomiari nahiz udalerrien eskumenei eustea eta horiek indartzea defendatu du: “Figura hori onartzeak esan nahi luke ingurumen-hobekuntzak dituen edozein proiektuk erabateko hierarkia izango lukeela, eta egungo lurralde-antolamenduko tresnak saihestuko lituzkeela”.
Bestalde, Herriz Herri topaketaren barruan, Irun, Errenteria eta Pasaiako Elkarrekin Podemos-IUko Irungo Gure Moradan elkartuko dira, bihar, herri horietarako proposamenak elkarrekin eztabaidatzeko.