XXXII. Irun Hiria Argazki Lehiaketaren irabazleak saritu ditu AFIk
59 argazkilarik hartu dute parte, eta 159 irudi jaso ditu Irungo Argazki Elkarteak.
AFI Irungo Argazki Elkarteak XXXII. Irun Hiria Argazki Lehiaketaren irabazleen berri eman zuen ostiralean, Amaia KZn. Bertan izan ziren Cristina Laborda eta Jon Ugarte zinegotziak. Guztira, 169 argazki eta 59 argazkilari aurkeztu dira lehiara.
Peio Urtxegi Ohorezko Saria Jose Agustin Gurrutxagarentzat izan da, Formak I, II eta II bildumagatik. Gainera, Alberdi artisauaren merezimenduzko Makila garaikurra eskuratu du ere.
Lan libreak ere saritu dituzte, Libre sailaren barnean. Era honetan, Aitor Arana gernikarra, Manu Barreiro beasaindarra eta Julio M. Lopez zaragozarrak jaso dute saria, lehenengoa, bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren.
Bertako argazkilariak ere aitortu dituzte izen bera daukan garaikurrarekin. Hala, Oskar Gaskon, Andres Indurain eta Iñigo Alzugarai dira, adierazitako hurrenkeran, bertako trebeenak. Gainera, Irun gaiaren saridunak ere izan dira; lehenengo Indurain, bigarren Gaskon eta hirugarren Alzugarai.
Bestalde, Argizaiola garaikurraren sailkapenerako balio izan du lehiaketak, eta Jose Agustin Gurrutxaga, Aitor Arana, Manu Barreiro, Andres Indurain, Oskar Gaskon eta Iñigo Alzugarai sailkatu dira.
Orain, lehiaketara aurkeztu direnen artean 78 argazki aukeratu dituzte eta erakusketa ireki dute abenduaren 12a arte Amaia KZn.