Mugak, zinema eta migrazioa ikus-entzunezkoen zikloa egingo dute aste honetan Kabigorrin
'En transito' eta 'Ipar basatia' dokumentalak izango dira ikusgai. Muga eta migrazioez hausnartzea da ziklo hauen helburua.
Mugak, zinema eta migrazioa, ikus-entzunezko minizikloa antolatu du aste honetarako Kabigorri Ateneoak: “Migrazio fenomenoak erabateko gaurkotasuna du, eta eragin berezia du gure hirian.” Zentzu honetan, bi dokumental ikusteko aukera izango da: En transito eta Ipar basatia.
Lehenik, Oskar Tejedorren En transito proiektatuko dute 19:30etatik aurrera Kabigorrin asteazkenean (abenduak 1). Nikaragua eta Hondurasetik Europara bakarrik etorritako eta seme alabak jatorriko herrialdean utzi behar izan dituzten amen eta familien errealitateak aztertuko ditu ikus-entzunezkoak. Hasieran zuzendariarekin hitz egiteko aukera izango da.
Ostegunean (abenduak 2) Ipar basatia ikusi ahalko da, baita 19:30ean. Mugei buruz hausnarketa proposatzen du lanak: “Mugak interes politiko eta ekonomikoen araberakoak dira, eta beldurraren bidez eraikita daude. Zer da basatiagoa? Muga zeharkatzen saiatzen den pertsona edo muga bera?”.
Sarrera doakoa da eta informazio gehiago orrialde honetan topa daiteke.