Elkarrekin Podemosek hainbat galdera erregistratu ditu Espainiako Kongresuan Irun eta Hendaia artean gertatzen ari den "drama humanitarioaren" gainean
Egoerarekin kezkatuta daudela adierazi dute eta erakundeen erantzun faltak ezinegona sortu diela dio alderdiak. Bidasoa ibaian izandako heriotzak migrazio politika eraginkorrik ez izatearen ondorio direla salatu dute.
Espainiako Barne Ministerioa Irun eta Hendaia artean gertatzen ari den “drama humanitarioaren” gainean “ezikusiarena” egiten dabilela uste du Elkarrekin Podemosek. Hortaz, hainbat galdera erregistratu ditu alderdiaren Kongresuko euskal taldeak, Espainiako Kongresuan.
Egoerarekin kezkatuta daudela adierazi dute eta erakundeen erantzun faltak ezinegona sortu diela diote. Gobernuek deus egiten ez duten bitartean “tragediak” etenik ez duela uste dute: “Eta dagoeneko zazpi heriotza erregistratu dira aurten”.
Bidasoa ibaian izandako heriotzak migrazio politika eraginkorrik ez izatearen ondorio direla salatu dute, baita migrazioari eta asiloari buruzko Europako Itunak geldirik jarraitzen duelako: “Frantziako Gobernuak migratzaileen eta errefuxiatuen joan etorria blokeatzen jarraitzen du, profil arrazialaren araberako kontrolekin, gero eta zorrotzagoak direnak”.
Hala, Gobernuari eskatu diote haien agendan kontuan izan ditzaten hainbat behar: “Immigrazio erregularizatua izateko aukerak zabaltzea, kontuan hartuta jatorrizko herrialdeen errealitatea, migratzailearen migrazio-proiektua eta erronka demografikoak Europan planteatzen dituen premiak”. Gainera, Espainiako Poliziak 2018 geroztik atxilotu dituen migratzaileen kopuruari buruzko txostena eskatu dute ere.
Espainiako Gobernuak EAEn dituen ordezkariak eta Frantzian dituen homologoak bilduko dituen foro bat sortzea ere proposatu diote gobernu espainolari, arazoari aurre egiteko eta konponbideak bilatzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzari galdetu diote ea harrera duina eta kalitatezkoa egiteko leku bat egokitzeko asmoa duten, eta aurrera egiteko helburuarekin ea Irungo mugan gertatzen ari denaren gaineko konponbideak bilatzeko asmoa daukaten, Europako beste leku batzuetara segurtasunez igarotzeko.