Produktu eta zerbitzu beganoen Be Veggie jaialdia egingo da asteburuan
HIru egun iraungo ditu beganismoaren festibalak. Era guztietako 70 postu jarriko dira eta kosmetika, elikadura edota moda beganoari buruzko hitzaldiak eta zuzeneko saioak topatuko dituzte gerturatzen direnek.
Be Veggie Ficoban abenduaren 4tik 6ra egingo den jaialdia aurkeztu dute gaur. Bertan izan dira Jose Antonio Santano alkatea, Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako aldundiko ordezkaria eta Maialen Gaztañaga festibalaren zuzendaria.
Bizitza beganoa esparru guztietan egin daitekeela uste dute antolatzaileek, eta hori egiaztatzeko produktu eta zerbitzu desberdinen 70 postu egongo dira: “Guztiek Ficoba Fundazioak bultzatutako eta antolatutako jaialdi begano honetan parte hartu nahi izan dute, zeinak erantzuna ematen baitio beganismoarekiko, ingurumenaren zaintzarekiko, animalien aurkako tratu txarrarekiko eta osasunaren zaintzarekiko gero eta interes handiagoari”.
Protagonista nagusia elikadura izango da, baina era guztietako proposamenak topa daitezke, adibidez, landare elikadura, kosmetika, moda, habitata edo ostalaritza beganoa. Gainera topagunea izango dela ere aurreratu dute, elkarte, santutegi eta erakunde asko gerturatuko baitira.
Dibulgazio eta aisiari ere eskainiko diote tartea eta yoga klase, zuzeneko sukaldaritza saio, hitzaldi edota musikaz gozatzeko aukera izango da. Esate baterako, Marc Colomak haragi %100 bere Heura proiektua aurkeztuko du, Aida Lidicek zuzenean kozinatuko du, Victoria Losadak landareetan oinarritutako elikaduraren eta obsesiorik gabeko elikadura beganoari buruzko hitzaldia eskainiko du, Virginia Perez kirola eta beganismoari buruz mintzatuko da eta Kike Tormentak kontzertua eskainiko du. Programazio osoa esteka honetan ikus daiteke.
Sarrera doakoa da, baita bertako aparkalekua ere. Ordutegiari dagokionez, larunbat eta igandean 11:00etatik 20.00etara egongo dira ateak zabalik, eta astelehenean 11:00etatik 16:00etara.