Jendaurrean aurkeztu dute Emakumeen Aztarnak Hondarribian
Ibilaldi historia egin ezin izan duten arren, jendaurrean aurkeztu dute proiektua. Bigarren saio bat ere izango dela aurreratu dute, proiektuaren ardatzak zeintzuk izan diren azaltzeko.
Atzo jakinarazi zuen Parean elkarteak euria egingo zuelako bertan behera utziko zutela Emakumeen Aztarnak Hondarribian paseo historikoa. Alternatiba gisa, Kultur Etxean proiektua aurkezteko solasaldia eskaini dute Oihana Llorente elkarteko kideak, eta historialariak.
Hitzaldi honetan, proiektuaren protagonista diren hamar emakumeak nortzuk eta zergatik diren esanguratsuak azaldu dute gainetik. Azaletik aipatu dutela nabarmendu dute, izan ere, paseo historikoa udaberrian egingo dutela ziurtatu dute, eta orduan emango dituzte xehetasun guztiak.
Hala ere, ibilaldiari itxaron gabe, abenduaren 17an beste solasaldi bat eskainiko dute Kultur Etxean, proiektuaren ardatzak zeintzuk izan diren azaltzeko. Aldi berean, oroitarazi dute ibilaldia haien orrialdean norbere kabuz egiteko aukera ere badagoela.