EAJk "pozik" dagoela adierazi du 26 ertzain eta 7 udaltzain gehiago izango direlako
Irunen "agenteen defizita" zegoela ondorioztatu zuen EAJk eta lehen pausoa agente kopurua handitzea izango zela "argi" ikusi zuten.
EAJk “pozik” dagoela adierazi du 26 ertzaina eta 7 udaltzain berri sartuko direlako. Hiriko segurtasun arazoari konponbidea bilatzeko bilerak egin zituztenean, Irunen “agenteen defizita” zegoela ondorioztatu zuten eta lehen pausoa agente kopurua handitzea izango zela “argi” ikusi zuten: “Bi etxeetan lan poltsa zerrendetan zeuden lanpostu guztiak beteta ez zeudela ikustean, eman behar genuen lehen pausua Ertzaintzako zein Udaltzaingoko agente kopurua handitzea zen”.
Agente gehiagoren etorrera “epe laburrerako” erantzuna dela azaldu dute jeltzaleek, eta neurria epe luzera begira ez dela nahikoa izango uste dute. Horregatik, “ikuspegi zabalagoarekin” heldu behar zaiola aferari iritzi dute.
Bestalde, udal gobernua idazten ari den Segurtasunerako eta Bizikidetzarako Itunari buruz esan dute gaiak lantzeko metodologiari dagokionez adostasun politiko zabala beharko dela. Horretarako, “balio, lehentasun eta helburu” berdinak adostu beharko dituztela eta adostasunera iristeko ahalegina egin beharko dutela aitortu dute.