XIV.Katuen Nazioarteko Erakusketa, asteburuan Ficoban
Siberiako eta Mau egiptoarra katu arrazak izango dira protagonista, larunbat eta igandea hartuko duen erakusketan.
XIV.Katuen Nazioarteko Erakusketa eta lehiaketa egingo da larunbat eta igande honetan, Ficoban, 10:00etatik 18:00etara. Edizio honetan, 170 katu izango dira, 25 arrazatakoak eta Siberiako eta Mau katuak izango dira protagonistak.
Batez ere Frantziatik etorritakoak direla adierazi dute antolatzaileak izan diren AMOBS STAR elkarteko kideek, baina Portugalgo ordezkaritza nabaria izango dela ere aurreratu dute.
Urtero bezala, lehiaketa egingo da erakusketaz gain eta Nazioarteko Txapelduna, Nazioarteko Txapeldun Handia, Europako Txapelduna edo Europako Txapeldun Handiaren txapela jartzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Goizean, epaileek katuen arraza eta kolorea izango dituzte kontuan, “alerik onenak aukeratzeko”. Ondoren, arratsaldean, kategoria bakoitzean hautatuko katuak aukeratzeko lehia izango da, eta igandean jakingo da nortzuk izan diren irabazleak.
Berritasun bat ere izango da, kaleko katuei elkartasuna adierazteko jarriko duten azoka txikia, zehazki.
Sarrerak 4 euro balio du, eta 12 urte azpikoek ez dute ordaindu beharko.