Adostasuna lortu dute interes publiko orokorreko proiektuen erregulazioari buruzko eztabaidan
EH Bilduren mozioari beste mozio alternatiboa aurkeztu dute PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk eta udal talde guztiek bat egin dute funtsean.
Bederatzi puntutako mozioa zeukaten aurretik zinegotziek gaurkoan, eta azkar egin dituzte gaurko etxeko lanak. Azken aurreko puntuan, iritsi da ezustekoa, adostasuna lortu baitute udal talde guztiek Eusko Jaurlaritzak interes publiko orokorreko erregulazio proposamenaren aurrean. Jose Antonio Santano alkatea ere harridura aurpegiarekin, pozik azaldu da Irunen gai honen ados jartzeko gai izan direlako.
EH Bilduk mozioaren gaineko aurkezpena egin du, eta Jokin Melidak salatu du Eusko Jaurlaritzari eskumena emango zaio ingurumenarekin lotutako ustezko edozein hobekuntza Interes Publiko Goreneko Proiektu izendatzeko, eta horrek, era berean, udaletako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari inposatuko zaiola, hura baliogabetuz. Zentzu horretan, udalari Interes Publiko Goreneko Proiektu figuraren kontra agertzeko eskatu eta EUDELi udalen interesak defendatzeko galdegin dio.
PSE-EE eta Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IUk, mozio alternatibo bat aurkeztu dute, eta EUDELekin gaiaren gainean eztabaidatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari lege proiektua onartu aurretik.
PPko Iñigo Manriquek PSE-EEren jarrera aipatu du, eta Eusko Jaurlaritzan eta Irunen jarrera ezberdinak hartu dituela aipatu du.
Azkenik, EAJk Interes Publiko Goreneko Proiektuaren muinaz hitz egin du, eta klima aldaketaren testuinguruan kokatu du Xabier Iridoy bozeramaileak. 2030ko helburuak lortzeko konpromisoaren aurrean, horrek “presazko erabakiak” hartzea eragiten duela adierazi du, “interes orokorraren alde”. Edozein kasutan, mozio alternatiboarekin bat egin du: “Uste dugu lege proiektua onartu aurretik beharrezkoa da Eusko Jaurlaritza eta EUDELen arteko elkarrizketa, udalaren eskumenen balizko urratzea kontuan hartuta”.
Azken Portu
Azken Portuko hirigintza hitzarmenaren gaineko eztabaida berriro iritsi da plenora. Artiako Lagunak auzo elkarteak hitzarmenari jarritako alegazioak atzera bota ditu plenoak, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta EAJren botekin, eta arrazoitu dute horiek epez kanpo aurkeztu zirela. Beste behin, ordea, alderdi bakoitzak bere jarrera agerian utzi du gai horren aurrean, eta kasu honetan, udal gobernu taldeak baino ez du defendatzen proiektua. Miguel Angel Paez Hirigintza ordezkariak esan du “errealistak” izan behar direla, eta ea nork ordainduko dituen Azken Portu Osinbiribil bezala eremu berde bihurtzeko gastuak.
Beste puntuetan, besteak beste, kreditu aldaketak, Artaleku eta Azken Portu kiroldegieetako hirugarren hiruhileko kontratuaren berroreka eta Hego Ingurabideko 1. faseko lanei buruzko zuzenketa bat onartu dituzte.