Osasun Bidasoa Plataforma sortu dute, ebakuntza gela birmoldatzeko lanek irauten duten bitartean, herritarren osasun beharrak erantzun ditzaten eskatzeko
Kirurgia unitatearen lanen proposamena gelditzeko eskatu dute, eta proiektua garatzeko eragile guztien lankidetza eta parte hartzea beharrezkoa dela adierazi dute. Gainera, ebakuntza unitateko osasun langileek bat egin dute plataformarekin eta herritarrei dei egin diete proposamena denen artean aldatzera.
Hainbat elkarte sozialek osatu duten Osasun Bidasoa Plataforma aurkeztu dute gaur Bidasoko ospitalearen atarian. Bi helburu nagusirengatik elkartu dira, bata etorkizuneko ospitaleak herritarren behar tekniko eta osasun premia guztiei erantzun diezaion, eta bestetik, kirurgia unitatean egin behar dituzten birmoldatze lanak egiten ari diren bitartean, pazienteen osasun beharrak erantzun ditzaten, “alferrikakoak” izango liratekeen eta pazienteengan “nahasmenduak” eragin ditzaketen lekualdaketak saihestuz. Era berean, bertako osasun langileen lan eskubideak errespetatzea defendatuko dutela adierazi dute.
Kirurgia unitatea berritzeko proposamena egin zuen Osasun Sailak duela hilabete inguru, eta plataformaren esanetan, prozesu hori esku hartzen duten eragile guztien lankidetzarekin eta parte hartzearekin egin behar da, hala nola, Osakidetza, eskualdeko udalak (Bortzirietakoak ere), osasun langileak, sindikatuak eta eskualdeko herritarrak.
Mahai gainean jarritako partaidetza prozesua eraginkorra izan dadin, gaur-gaurkoz martxan dauden lizitazioak gelditzeko eskatu dute. Eten ezean, prozesu atzeraezina izango litzateke, parte hartze eraikitzailearen aukera eragotziz: “Hobe da prozesua aste batzuk atzeratzea eta alde guztiak asebeteko dituen proiektu bat adostea”.
Ildo honetan, bilera egitea eskatu diote eskualdeko ospitaleko gerentziari, proiektuari buruz idatziz azalpenak eman ditzan eta horretara bideratuko den aurrekontuari buruz xehetasunak emateko. Halaber, Irun, Hondarribia eta Bortzirietako bost udalei bilkura egiteko hitzordua eskatu diete.
Bertako osasun langileak ere kezkatuta
Bloke kirurgikoaren ordezkari gisa hitz egin du Roberto Salmeronek, ospitaleko anestesista da. Osakidetzak bloke kirurgikoa berritzeko eginiko proposamenak ez duela “jada agerikoa den espazio falta” eta “epe motz laburrean izango den biztanleriaren hazkuntza” kontuan hartzen azaldu du.
Osasun Sailak aurreratu duenez, gutxienez hemezortzi hilabete iraungo dute lanek, eta bitarte horretan, osasun langileek ezingo dutela sorospenaren kalitatea, ezta pazientearen segurtasuna bermatu salatu dute: “Ez dugu larrialdiko ebakuntza gelarik izango, ez dugu laborategirik izango premiazko analisietarako, gabeziak antzeman ditugu esterilizazioan eta errehabilitazioan, baita zainketa ebakuntza osteko unitatean”.
Osasun langileek lanak egiten ari diren bitartean “pazientearen kalitatea eta segurtasuna” bermatuko duen proposamena egin dute: “Ebakuntza gelak modernizatu eta handitzea, erantsita joango litzatekeen eraikin bat sortuz”. Era honetan, orain arte bezala lanean jarraituko luketela diote.
Amaitzeko, herritarrek gaur aurkeztu duten plataformarekin bat egiten dutela adierazi dute, eta herritarrei dei egin diete: “Denen artean kaltegarriak eta ziur aski arriskutsuak diren lanen proposamena aldatzeko”.