[Erreportajea] Batera, ozenago, indarkeria matxistaren aurka
Irungo DBHko ikastetxe publiko guztiak lehen aldiz atera ziren atzo matxista salatzera. Ekitaldia aurrera ateratzeko, ordea, ondo prestatu behar izan dute.
Indarkeria matxistaren kontrako borrokan gizartearen batasuna gakoa da, eta Irungo DBHko ikastetxeek ere argi dute hori. Atzo, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean, lehen aldiz elkarretaratze bat egin zuten hiriko DBHko bost zentro publikoek elkarrekin, Zabaltza plazan —HITZA-ren edizioa itxi ondoren—. Elkarrekin zerbait egiteko nahia aspalditik zetorren Beatriz Rubio Toki Alai ikastetxeko Hezkidetza batzordeko irakaslearen esanetan, “baina gauza batengatik edo bestearengatik ez dugu lortu”. Iaz, bigarren Hezkidetza Planean murgildu zirenenean, Toki Alain irakasle bat liberalizatu ahal izan zuten, eta hori baliatu nahi izan zuten horrelako ekintzak egin ahal izateko. Joan den urtean, ordea, pandemiak sortutako egoera zela eta, ezin izan zuten egin, baina ikasturte berriarekin batera pentsatu dute, ‘aurten zergatik ez?’.
Bost ikastetxeetako Hezkidetza taldeak harremanetan daude Berritzegunearen bitartez, eta hori baliatuz, ekintza bateratu bat egiteko aukera proposatu zien Toki Alaik. Baiezkoa izan zen haien erantzuna. Hortik aurrera, koordinazio eta antolaketa lanak hasi ziren. Ikastetxe bakoitzak zerbaiten ardura hartu zuen: pankartak prestatu, txapak diseinatu eta egin —ikasleak arduratu dira diseinuaz—, ekitaldirako ekintzak eta materiala antolatu… Performance bat prestatu zuten: dantza batekin eta kandela nahiz koloretako loreekin. “Kandelak dolu seinale izango dira eta landareak, berriz, borrokaren emaitza”, zehaztu du Rubiok. Horrez gain, baimena eskatu behar izan dute udalean, espazio publikoaren erabilpenarengatik.
Ekitaldiaren antolakuntzaren beste adarretako bat gonbidapenak izan dira. Elkarretaratzeari indarra emateko, Irungo elkarte eta erakunde publiko garrantzitsuenak gonbidatu nahi izan dituzte. Hala, hezkuntzaren arloan duen pisuarengatik Berritzeguneari bidali zioten gonbidapena, baita elkarte feministei ere: M8 Asanblada Feminista, Parean eta Su Txikian. Ikastetxeetako guraso elkarteei zabaldu diete gonbidapena; baita udalari ere. Denek bat egin dute deialdiarekin. “Koordinazio lan handia izan da, harremanak, baimenak, musika ekipoa, mikrofonoa, pankartak… Baina erronka polita da, helburua garrantzitsua, sinbolikoki, indarkeriaregatik eta hezkuntza publikoaren izenagatik”, adierazi du Rubiok.
Zentzu horretan, positiboki baloratu du Hezkidetza taldeko kideak iniziatiba: “Antolaketa aldetik zailtasunei aurre egiteko gaitasuna izan dugu, ez baita erraza bost ikastetxe kudeatzea”. Horrez gain, hezkuntza publikoaren izenean, batasuna adieraztea garrantzitsutzat jo du: “Ez dira bost ikastetxe beraien artean harremanik ez dutenak, baizik eta hezkuntza publikoak sare gisa funtzionatzen du, eta halako gauzetan, indarkeriaren kontra kasu, bat gatoz”.
Ikasleek beraiek ere positiboki baloratu dute ekintza, Rubioren iritziz. Izan ere, beste helburuetako bat da Hezkidetza Taldean urteetan barrura begira lan egin duten ikasleei aitortza bat egitea: “Erakutsi nahi diegu gai direla beraien ekintzak aurrera ateratzeko, proaktiboak izateko eta eragile sozial bezala lan egiteko. Alegia, gizarterako gauzak egiteko gai direla, ez bakarrik eskolarako”.
Ikastetxeetako lanketa
Kasu honetan goiz bateko ekintza izan den arren, hezkidetzaren gaineko lanketa, eta horren artean, indarkeria matxistarena urte osokoa izaten da. Toki Alairen kasuan, hala nola, Indarkeriaren Eskailera Nerabeetan proiektua lantzen ari dira. Rubioren arabera, indarkeria identifikatzeko balio du, oso modu grafikoan: “Funtsa da indarkeria ez dela zerbait puntualki agertzen dena, baizik eta prozesu bat. Prozesu horretan bai intentsitatean eta denboran, gora egiten du, eskailera gisa”. Mailaz maila lanketa desberdina egiten dute, eta 4. mailan, indarkeriak identifikatu, irtenbideak topatu eta jatorriak behatzera iristen dira: generoa, patriarkatua…
Atzokoak aurrerantzean elkarrekin jarduera gehiago egiteko bidea irekiko duen itxaropena dauka Rubiok. Lehenengoa izan dadila, baina ez azkena.