Segurtasunerako eta Bizikidetzarako Ituna prestatzen ari da udal gobernua
Ekintza Plana duela hilabete jarri zen martxan, eta hartutako neurriez gain, Segurtasunerako eta Bizikidetzarako Ituna idazten ari da honen baitan udal gobernua.
Duela hilabete lan mahai bat sortu zuen udalak Ekintza Plana martxan jartzeko, hiriko segurtasuna eta bizikidetza bermatzeko asmotan. Mahai hau udalak ez ezik, auzo elkarteko ordezkariek, merkatariek eta polizia ezberdinetako ordezkariek osatzen dute.
Hartutako lehen neurria, Udaltzaingo kopurua handitzea izan zen, eta legeak babesten duen birjartze tasa baliatuta, jada zazpi gehituko dituzte. Horretarako, abenduko osoko bilkuran Lanpostuen Zerrenda aldatuko dutela jakinarazi dute.
Bestalde, Segurtasunaren eta Bizikidetzaren aldeko Ituna egitea proposatu du Jose Antonio Santano alkateak. Itun honek “printzipio batzuk” eta “bete beharreko lehentasunak eta lortu beharreko helburuak” adosteko balio duela uste du udalak.
Era honetan, udal gobernua jada itun honen zirriborra idazten ari dela aurreratu du alkateak, eta ondoren, beste udal taldeei ekarpenak egiteko aukera luzatuko dietela azaldu du.