[Galeria] DBHko ikasleak elkarrekin irten dira indarkeria matxistaren kontra
Zabaltza plazako kioskoa izan da euri zaparradaren estalpe, eta, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunean, goizez, ikasleak izan dira protagonista.
Euren esku dago etorkizuna, eta bide onetik bideratua dagoela erakutsi dute gaur goizean gaztetxoek, Zabaltza plazan. Lehen aldiz, Irungo DBHko ikastetxe publikoetako ikasleak kalera irten dira elkarrekin aldarrikapen bat egitera; gaurkoan, Azaroaren 25a izanik, indarkeria matxista salatzera.
Euria izan dute lagun ekitaldi osoan, eta protagonistak kioskoan sartu dira. Nerabeek hartu dute hitza eta protagonismoa gaur. Udal talde eta elkarteetako ordezkariak behean, aterkipean, geratu dira.
Biribil bat egin dute pankartekin Toki Alai, Eguzkitza, Txingudi Ikastola, Hirubide eta Plaiaundiko ikasleek. Hala nola, halako mezuak irakur zitezkeen: Berdintasunik gabe askatasunik ez; Finantzatu. Bildu. Erantzun. Aurreikusi; Irungo ikastetxe publikoak indarkeriaren aurka; eta Ausartak ez, askeak. Ikasleek eurek egin dituzte pankarta guztiak.
Ondoren, ikasle batzuek manifestua irakurri dute. Emakumeek indarkeria sexista “direnarengatik eta irudikatzen dutenarengatik” pairatzen dutela azalduz hasi da irakurketa. Emakume horiek, haur, gazte nahiz heldu, “bortxatuak, jipoituak, umiliatuak, manipulatuak eta kontrolatuak” izaten direla gogorarazi dute, eta borroka hori “guztiona” dela gaineratu dute. Horren aurrean, ikastetxe zein herrietan “emakume askeak” izan nahi dutela aldarrikatu dute, eta ondorioztatu dute “emakume eta gizonen arteko erabateko berdintasunak bakarrik eragingo indarkeria matxista desagertzea”. Azkenik, “biktima bat dagoen bitartean, indarkeria matxistari aurre egiten” jarraituko dutela zehaztu dute.
Ondoren, aurten, indarkeria matxista dela eta hilak izan diren emakumeak gogoratu dituzte, eta bakoitzaren omenez, kandela bat piztu dute. Azkenik, koloreetazko loreak bota dituzte borroka eta itxaropena sinbolizatuz.
Bihar, HITZAk erreportaje bat argitaratuko du elkarretaratzearen prestaketa nola izan den azaltzeko. +