Bidasoa Txingudi Partzuergoak Europako agintariei mugako "arazoa konpontzeko beharrezkoak diren pausoak" emateko eskatu diete
Hiru alkateek bat egin dute Irun eta Hendaia arteko kontrolen helburua migratzaileak kontrolatzea dela, eta salatu egin dute. Arazo honi globalki erantzun behar zaiola azaldu dute, Europa "mugarik gabea" izateko.
Martxoan Bidasoa-Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoak jakinarazi zuen Hendaia eta Irun artean dauden kontrol finkoengatik larrituta zeudela, migratzaileek horregatik pairatu behar duten egoerengatik. Partzuergoak barnebiltzen dituen hiru herrietako alkateek adierazpena egin dute gaiaz, Jose Antonio Santanok (Irun), Txomin Sagarzazuk (Hondarribia) eta Kotte Ezenarrok (Hendaia).
Muga ezartzea “anakronikoa” dela diote, egunero lanagatik, familiagatik, lagunengatik edo gai sozialengatik gurutzatzen dutelako eskualdeko herritarrek. Beraz, kontrolen helburua migratzaileak kontrolatzea dela ondorioztatu dute: “Salatu beharreko drama humanitario bat eragiten ari da hori”.
Saharaz hegoaldeko herritarrak Europarako bidean etengabe joan etorrian dabiltzala bistakoa dela diote, baina kontrolengatik Irunen eta Hondarribian urgentziaz egokitutako instalazioetan geratu behar dute. Hala ere, alternatibak bilatzen dituzte “beraien bizia arriskuan jarriz” eta “bizia galdu ere egin dute”.
Egoerak azken aldian okerrera egin duela uste dute: “Azken hilabeteetan, egoera ez da hobetu; alderantziz, okerrera egin du, eta Bidasoa ibaiko urek dolua ekarri dute, hainbat gazte hil baitira mugako kontrol zorrotzak saihestu eta ibaia igerian gurutzatzen saiatu nahian”.
Arazo honi globalki erantzun behar zaiola azaldu dute, Europa “mugarik gabea” izateko. Horretarako, erantzun humanitaroa ematea beharrezkoa da, nahiz eta erraza ez den baina ezinbestekoa “Europaren eraikuntzan aurrera egingo badugu”.
Amaitzeko, ez dute nahi onartu Bidasoa ibaia elkargunea eta hiru herrien arteko senidetasunaren sinbolo izatetik, migratzaileentzako “tranpa hilgarria” bilakatzea. Europako agintari eta eskudunei “arazoa konpontzeko beharrezkoak diren pausoak” emateko eskatu diete hiru alkateek.